Gaur goizean emon diote hasiera herri mugimenduei buruzko Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) ikastaroari. Hain zuzen, gaur eta bihar batuko dira ikastaroan parte hartzen dabiltzan lagunak, Astran. Guztira, 25 ikasle inguru batu dira lehen saioan.
UEUren ikastaroaren helburua herri mugimenduak hobeto ezagutzea da, fenomeno berezi bat baitira. Hala, aurten lehenengoz emongo dute herri mugimenduen inguruko ikastaroa, kulturarako fabrika sozialean. EHUko irakasleek, herri mugimenduetako kideek eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kideek parte hartuko dute ikastaroan, besteak beste.
Bizipen pertsonalak eta kolektiboak aintzat hartuz, egungo gutxiespen eta zapalkuntza modu desbardien inguruko gogoeta egingo dute ikastaroan parte hartzen dutenek. Hala, herri mugimenduen erraietan sartuko dira ikasleak, desobedientzia eta borroka moldeen inguruko azterketa sakona eginez. Bestalde, sare sozialek herri mugimenduen jardunean daukaten garrantziaz be arituko dira Astran batzen direnak. Sarearen onuretaz eta gabezietaz egingo dute berba.