EA: "Gorroño inputatu izanak normalizazioaren eta bakearen eraikuntza oztopatzea du helburu"
Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren politikariei emandako Gernika Sariaren harira eta Dignidad y Justicia elkarteak egindako salaketari jarraiki, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea inputatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Alabaina, Gorroñoren alderdiak, EAk, alkatearen kontrako salaketak “erabat zentzugabeak” dira. Alderdi horrek gaur goizean egindako agerraldian azaldu duenez, “Espainiako estatua estrategia zehatza garatzen ari da normalizazioa, bakea eta elkarbizitzaren eraikuntza lortzeko Euskal Herria egiten ari den bidea oztopatzeko”. Hortaz, Gorroñoren auzia “estrategia horren barruan” kokatu behar dela deritzo EAk.
Otegik eta Egigurenek “egindako lana” euskal gizartearen “gehiengo zabalak babesten” duela dio EAk, eta, hari horretatik, Espainiako estatuak Euskal Herriaren “iritzia errespetatzen ez” duela deritzo. “Kriminalizatu egiten du euskal gizartearen gehiengoaren nahia eta hautatutako bidea”. Halaber, PPren eta PSOEren babesarekin, Espainiako estatuak Euskal Herrian emandako aurrerapausoak oztopatu egiten dituela dio. Hari horretatik, “estatuaren estrategiari herri bezala erantzun” behar zaiola uste du EAk, “euskal gizarteari inmobilismoa inposatu ez diezaioten eta prozesuaren garapena gure esku egongo dela ziurtatzeko”.
Aurrera begirako erronkak, beraz, bakea sendotzea eta normalizazioa izan behar direla esan du Eusko Alkartasunak, “berradiskidetzea eta elkarbizitzarako eredu propioa eraikitzea ahaztu gabe”.
Bestalde, Gorroñok “giza eskubideen defentsan lan handia egin duela nabaria” dela esan du EAk, eta nazioarte mailan ere badaukatela horren berri. Hori dela eta, Europako hainbat esparrutan alkatearen kontrako salaketa ezagutzean Espainiako estatua “berriro ere barregarri geratuko” dela dio. Horrez gain, Dignidad y Justicia elkarteak Gorroñorekin “obsesio berezia” daukala uste du.
Irailaren 13an aurkeztu beharko du Jose Mari Gorroñok bere burua Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta EAk han egongo dela adierazi du.