Muruetako ontziola
Joaquin Almunia Europako Batasuneko Lehia komisarioak gaur jakinarazi du
tax lease-aren bidez jasotako laguntzen inguruko erabakia. Hain zuzen, 2007tik 2011ra bitartean
tax lease sistemaren bidez ontziolei emandako laguntzak itzultzeko eskatu diote Espainiari. Isuna inbertitzaileek ordaindu behar dutela ebatzi dute, ez ontziolek. Azkenean, beraz, isunei eustea onartu du Bruselak.
Europako Batzordeko Komisarioen Elkargoak egindako batzarraren ostean agerraldia egin du Almuniak. Horretan, ezin duela itzuli beharreko diruaren zenbatekorik emon aipatu du, hori Espainiako Gobernuari dagokiola erantsita. Halaber, azaldu du Europako Batzordea 2011raino atzeratu zela
tax lease sistema ikertzen, Espainiak ez baitzion jakinarazi sistema hori ezarri zuenik. Almuniaren arabera, bestetik, berrikuntzaren bitartez egin ahalko die aurre sektoreak egungo oztopoei.
Eguerdirako espero zen erabakia, baina azkenean aurreratu egin da Europako jakinarazpena. Euskal Herriko 14.000 langile ingururen lanpostuak egon dira Europaren erabakiaren menpe; tartean, Muruetako ontziolako beharginak. Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak ez du baztertzen Europako Batzordearen erabakiari helegitea jartzea.
EBk jartu duen erabakiaren kontra Europako Auzitegi Gorenean helegitea jar daitekeela aipatu du Almuniak, eta, helegite hori onartuz gero, auzitegi horri dagokiola ebaztea laguntzen itzulpena bertan behera utzi behar den.
Ontzigintza sektoreko enpresak biltzen dituen Euskal Herriko Itsas Foroak esan duenez, erabakia “diskriminatzailea eta injustua” da. Gainera, erakunde horren arabera, ebazpenak “ondorio argiak” izango ditu ontzigintza sektorean, nahiz eta dirua itzultzera behartutakoak inbertsoreak izan. Hortaz, kalteak murrizteko “gogor lan egin” beharko dela esan du. Borrokarako prest dagoela gaineratu du Euskal Herriko Itsas Foroak, eta jardunbide legalak hartzeko aukera ez duela baztertzen nabarmendu du.
Langileek borrokan jarraituko dute
UGT sindikatuak elkarretaratze masiboa deitu du biharko. Sestaoko Kasko plazan bilduko dira EBk
tax lease bidezko laguntzei buruz hartu duen erabakiaren aurkako protesta egiteko. 20:00etarako deitu dute protesta, eta ontziolen sektorearen etorkizuna defendatu gura duten herritar guztiei dei egiten die. Euskal Herrian UGTko arduraduna den Manuel Veladoren esanetan, “mota honetako erabakiekin Europar Batasuneko herrialdeen arteko borroka sortzen dute, gainontzeko ontzigintza sektorearen etorkizuna mahai gainean ipinita”. Bestalde, Veladoren ustez, EBren erabakia “bidegabea” da, “hausnartu barik” hartutakoa. Espainiako Gobernuarekin eta Autonomia Erkidegoetako arduradunekin “premiazko” batzarra eskatuko dutela adierazi du UGT sindikatuak, “Europako araudiarekin bateragarriak diren neurriei heltzeko, barriro be bardina gerta ez dadin”.
Sestaoko La Naval ontziolan itxialdia egiten ari dira langileak. Ontziola horretako enpresa batzordeak “borrokan jarraituko” dutela azaldu du eta “atzerapausorik” ez dutela emongo iragarri dute, EBren erabakia jakin ostean. Era berean, Europako Batzordea eta Espainiako Gobernua egin dute langileek ontziolen egoeraren erantzule. Jakinarazi dutenez, “Madrili dagokio segurtasuna emotea inbertsoreei, ontziolen etorkizuna bermatzeko”.
Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioak proposatu zuen 2005etik 2011rako diru laguntzak itzularaztea. Besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarekin batzartu zen Almunia joan den astean. Bere jarrerari eutsi zion Almuniak bileran, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin hitz egin zuen, batzordearen jarrera aldarazteko.
Atzo berri agentzia batek zabaldu zuenez, 2007tik aurrerakoak ordaintzea eskaini die Europako Komisarioen Elkargoko zuzendariek Eusko Jaurlaritzari, eta hala erabaki dute gaur. Dena den, batzordeak ez du jakinarazi zenbatekoa den itzuli beharreko diru kopurua. Soriak iragan astean adierazi zuen 2.000 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dituztela, eta ontzioletako langileek salatu dute laguntza horiek itzultzeak “hiltzorian” utz dezakeela sektorea. Bruselaren arabera, Espainiari dagokio kalkulatzea zenbat diru itzuli behar duen.
Erreakzioak, bata bestearen atzetik
Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du gaur bertan, Europako Batzordearen erabakia kritikatuz. Haren arabera, ontzien eraikuntzarako “behar-beharrezko” parte bat zigortzen du ebazpenak, eta isuna kalterik txikiena sortzeko moduan ezartzeko eskatu du. Dena den, ebazpena guztiz ezagutu arte itxaron behar dela gaineratu du, eta gerora Espainiako estatuarekin batera lan egin beharko dela azaldu du, estatua baita diru laguntzak berreskuratzearen arduraduna.
Bestetik, Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak “sektore konpetitibo hori mimoz zaindu” behar dutela nabarmendu du lehendakariak. Halaber, Almuniak egindako adierazpenak aipatuz, hitzak laguntza konkretuez lagunduta etorri behar luketela esan du.
EAJren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidente Itxaso Atutxak be agerraldia egin du eguerdian. Berrindustrializazio formulak bilatzerakoan eta ebazpenak ondorioak izango dituen eskualdeetan enplegu planak egiterakoan Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko eskatu dio Atutxak Espainiako Gobernuari. Izan ere, haren ustez, erabakia “guztiz katastrofikoa” da. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatu dio diru laguntzak ez itzultzeko borroka dezala, baita isunik ez ordaintzeko ere.
Europako Batzordearen erabakia “injustua eta arbitrarioa” da, Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariaren iritziz, eta ontzigintza sektorerako Europa mailako plan bat eskatu du. Espainiako Gobernuari, bestalde, isuna ezartzerakoan “adimenarekin eta gardentasunarekin” joka dezala eskatu dio, eta batutako dirua ontziolen konpetitibitatea areagotzeko eta berrikuntza sustatzeko balia dezala eskatu.
Atutxak aitortu duenez, EAJk ez zuen erabaki hori espero. “Ez genuen inolako isunik espero. Diru laguntzak itzuli beharrak Euskadirentzat oso garrantzitsua den sektore baten hondoratzea suposatzen du; guk konfiantza osoa daukagu sektorearengan”.
“Tamalgarria eta oso kaltegarria” da ebazpena, EH Bilduren iritziz. Laura Mintegik esan duenez, Bruselak bazeukan “mina arintzeko beste aukerarik, baina azkenean
lobby ekonomikoen alde egin du”. Mintegik dioenez, Espainiako Gobernuaren teilatuan dago orain pilota, hark betearazi behar baitu Europako erabakia, eta, beraz, hark dauka ontzioletako beharginen eta sektorearen etorkizuna bermatuko duen neurriak hartzeko giltza. EH Bilduko kidearen ustez, lehentasuna lanpostuak mantentzea izan behar da, besteek egindako kudeaketa deitoragarria ez baitute beharginek ordaindu behar. Mintegiren iritziz, sektorea bideragarria da, eta hala izaten jarraitu behar du, eta hori bermatzea Espainiako Gobernuarena da. Dioenez, bideragarritasuna mantentzea ez da lasterbide fiskalen bitartez lortu behar, baizik eta ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren sustapenaren bidez.
PSEk deitoratu egin du Europako Batzordearen erabakia, eta Eusko Jaurlaritzari nahiz Espainiako Gobernuari ontziolak bideragarri egiteko eta lanpostuak mantentzeko neurriak eskatu dizkie. Alexia Casteloren arabera, PSEk ere ez zuen ebazpen hori espero. Haren ustez, Europako Batzordeak kontuan izan beharko luke Europako ontziolek bizi duten egoera, eta aintzat hartu behar izango lituzke 87.000 familiarengan eragina izango duela hartutako erabakiak, “are gehiago egungo krisi eta langabezia egoeran”. Alderdi horren arabera, bada garaia Europak sektorea lagunduko duen politika argi bat egiteko.
2011ra arteko laguntzak itzuli behar ez izatea lortzeko Europako Batasunaren Auzitegira jotzea baztertu ezin daitekeen bidea da, PPk dioenez. “Borrokatzen jarraitu behar da, ebazpena aztertu, eta ikusi norainoko eragina daukan; izan ere, itzuli beharreko asko ebazpen honetatik kanpo geratu dira”. Leopoldo Barredak azaldu duenez, Espainiako Gobernua gogor ari da lan egiten hasiera-hasieratik.
ELAk, bere aldetik, ontzigintzarena “sektore estrategikoa” dela esan du. Hori dela eta, sindikatuaren arabera, bere finantziazioa eta aktibitate industriala bermatuko lukeen sektore publiko bat beharko lukeela esan du. Izan ere, ELAren ustez, azken urteetan pribatizazio ugari jasan ditu ontzigintzak, eta hainbat lanpostu galdu dira. Hori guztia PSOEren eta PPren gobernuetan hartutako erabakien ondorio izan dela azaldu du ELAk, “EAJren pasibitatearekin eta CCOOren eta UGTren akordioarekin”. Hori horrela, Europak ezarritako eta Madrilgo eta Gasteizko gobernuek atseginez onartutako doktrina liberalak Europako industria azkenera eramango duela uste du sindikatuak.
Erabakia “tamalgarria” dela esan du UGT sindikatuak, eta sektorea hiltzen utziko ez duela esan du. Halaber, Espainiako Gobernuari inbertsoreekin hainbat arinen harremanetan jartzeko eskatu dio, “irtenbide bat bilatzeko eta sortutako arazoa gainditzeko”. Gainontzekoek legez, gobernu biek elkarlanean aritu behar dutela esan du UGTk.
Bizkaiko Foru Aldundiak babesa agertu die ontziolei, eta Almuniak “babestutako” erabakiak “kinka larrian utziko” dituela esan du. Sektoreak aurrera egin dezan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du Aldundiak.
Bestalde, Bilboko Merkataritza Ganberak “irtenbide juridiko, fiskal eta ekonomikoak” eskatu ditu sektorearentzat, irtenbide “erreal” bat bilatze aldera eta etorkizuna bermatze aldera. Erakunde horren iritziz, “albiste oso txarra” izan da isunarena, “ontziolen itxiera eta milaka lanposturen galera” suposatu dezakeelako. Dioenez, inbertsoreek laguntzak itzuli behar izanak inbertitzeko beste esparru batzuk bilatzea erakarri lezake.
Ebazpena kritikatu du Confebaskek ere, baina, kaltetuena inbertitzen duena eta arriskatzen duena izatea kritikatu du erakunde horrek. Eduardo Aretxagaren hitzetan, tamalgarria da legea betetzen duen horrek Europan babes juridikorik ez izatea. “Ez da justua legea zorrotz bete izan duen horrek ondorioak ordaindu behar izatea. Beste behin, inbertitzen duena, arriskatzen duena eta aktibitate enpresariala da galtzaile nagusia”.