Eusko Jaurlaritzako azpiegitura eta garraio zuzendaritzatik jakinarazi legez, hilabete honetan hasi dira Portuzarrean amarratzeak dituztenei tasak likidatzen. Modu horretan, sor daitezkeen zalantzak eta akatsak argitu asmoz, atzotik etxola bat ipini dute Portuzarrean bertan. Tekniko bat ipini dute bertan Bermeoko Portuzarraren erabiltzaile guztien eskura.
Teknikoa etxolan
Tekniko horrek, gainera, Bermeoko portuko azpiegitura kudeatzen lagundu ditzakeen eskaera orriak, iradokizunak eta ekarpenak batuko dituela jakinarazi dute. Izan be, egunez egun zerbitzuaren kalitatea “hobetu” gura dutela aipatu dute, “kudeaketa zuzena eta eraginkorra emonaz”.
Kitatzen ari diren tasa T-5 deritzona dela zehaztu dute, hau da, laketontzien zerbitzuei dagokienak. Jaurlaritzatik azaldu dutenaren arabera, “Portuzarreko pantalanetan ontziak atrakatatuta dituzten pentsiodunek %25eko hobaria izango dute”. Hori bai, ziurtagiria aurkeztea derrigorrezkoa izango dute, eta baita, nabigaziorako legezkoa duten titulua be.
Azpiegieturetako zuzendaritzatik Portuzarreko erabiltzaileei gogorarazi gura die, “hobaria ez dela aplikagarria izango zazpigarren zerrendan erregistratuta duten ontzi bat baino gehiago dituzten horei, ezta sei metrotik gorako luzera duten ontziei”.