ADESeko kide bat, leizean behera
Gernika-Lumoko espeleologia taldeko kideek zorioneko asteburua eduki dute, Ereñozar mendiaren tontorretik hurbil ezagutzen ez zuten leize bat aurkitu baitute. ADESen arabera, “espeleologia arloan, aurkitutako hamar haitzulotik bederatzi garrantzia handirik gabekoak izaten direla esan ohi dugu. Baina gu, kirolariak baino, zientzialariak gara: eta ondo dakigu datu guztiak bildu beharra dagoela, leize handiak eta txikiak, ederrak eta zatarrak, gure karstaren puzzlea ikertzeko baliogarriak”. Ereñozarrekoa, alabaina, aurkikuntza “garrantzitsua” dela esan du. Izan ere, esplorazio egun bakarrean 100 metrotako sakonerara ailegatu dira espeleologoak, eta oraindik ez dira azkenera iritsi.
Halaber, “beste gauza deigarri bi” ere antzeman dituzte. Batetik, leizeak portaera termiko bitxia daukala zehaztu dute, lehenengo metroetan bero eta sakonean hotz handia egiten baitu; bestetik, igeltsu formazioak ugariak direla nabarmendu dute. Printzipioz, portaera termikoarekin izan dezakete zerikusia igeltsu formazioek, ADESen ustez, baina hurrengo esplorazioetan tresna egokiak erabiliko dituzte, “datu zehatzak” jasotzeko.
-
-
-
-
ADESeko kide bat, leizean behera
-
-