![Muruetako ontziola](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/07/bgmurueta1-300x205.jpg)
Muruetako ontziola
Europako erakundeen aurrean euskal ontzigintza sektorea defenda dezala eskatzeko jarri da harremanetan Iñigo Lamarka Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekoa Europako Herriaren Defendatzailearekin. Arartekoaren arabera, “Europako Batzordeak administrazio-praxi txarra burutu izanaren zantzuak daude, eta praxi horrek, agian, administrazio ona izateko eskubidea urratu du”.
Tax lease bidezko laguntzak itzultzeak izan ditzakeen ondorio ekonomiko eta sozialez “oso kezkatuta eta arduratuta” dagoela esan du Lamarkak. Hala, “Euskal Herriko sektore ekonomiko, sozial eta politikoek azken egunotan adierazi duten ezinegonarekin ados” dagoela adierazi du. Halaber, bat egin du Valedor do Pobok (Galiziako herriaren defendatzaileak) helburu berarekin gauzatu duen ekimenarekin, har ere Europako Herriaren Defendatzaileari eskatu baitio “agiri guztiak azter ditzala eta dagozkion ikerketa-jarduerak has ditzala”.
Europako Batzordeak administrazio-praxi txarra burutu izanaren zantzuak daude, eta praxi horrek, agian, administrazio ona izateko eskubidea urratu du”
Arartekoak azaldu duenez, “Europako Herriaren Defendatzaileak badu ahalmena Europar Batasuneko edozein herritarren edo estatu kide batean bizi edo bertan egoitza duen edozein pertsona fisiko edo juridikoren erreklamazioak jasotzeko, baldin eta erreklamazio horiek Batasuneko organo edo erakundeen jardueran administrazio txarra burutzeari buruzkoak badira”.
Itzuli beharreko kopurua, ezbaian
Jaurlaritzaren arabera, EBk 2007tik 2011ra arteko
tax lease bidezko laguntzak itzultzea proposatu du. Jaurlaritzak dioenez, atzo aritu ziren Bruselan proposamena lantzen. 2005etik 2011ra bitartean
tax lease sistema bidez ontziolek pagatu ez zituzten zergak inbertsoreek ordaindu beharko dituztela esan du Joaquin Almunia Europar Batasuneko (EB) Lehia komisarioak. Halanda be, Jaurlaritzako iturriek adierazi legez, Europako Komisarioen Elkargoko zuzendariek 2007tik aurrerakoak ordaintzea eskaini dute orain.
Neurri hori onartuz gero, inbertsoreek ordaindu beharreko isunaren zenbatekoa “nabarmen” jaitsiko litzateke. Baina, erabaki ofiziala bihar hartuko du EBk, hau da, salbuetsitako zergetatik zenbat itzuli beharko duten ontzioletako inbertsoreek.