Muxikako industriaguneak aurrera egin dezan, "egiazko urratsak" eskatu dizkio EAJk udalari
Muxikako industriagunearen auziarekiko kezka agertu du Busturialdeko EAJk. Alderdi horren arabera, “Miango-Agerre-Untzekako Zati Planaren hasiera bateko onarpena ukatzean udalak erabaki bidegabea hartu zuela esan zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta Muxikako Udalak emandako argudioak banan-banan indargabetu zituen”. Jeltzaleek azaldu dutenez, duela bi hilabete inguru Zati Plana onartu behar zuela eta behar bezala izapidetu behar zuela erabaki zuen epaitegiak. Hori dela eta, “egiazko urratsak” eskatu dizkiete jeltzaleek udalari, industriagunearen proiektuak aurrera egin dezan.
Izan ere, Bilduk eta Muxikako Udalak prentsaurrean industrialdea babesten dutela baina gerora aurrera egiteko pausorik ematen ez dutela kritikatu du EAJk, “blokeo egoeran segi dezan”. EAJk dioenez, “Bilduk eta Muxikako Udalak orain arte ez dute ebazpenaren kontra aurkeztutako errekurtsoa kendu eta ez diote egindako eskaintzari erantzun”. Hortaz, “egindako lan guztia arriskuan” jartzen dutela deritzo.