Laguntzak ilegaltzat jotzen badituzte, EB salatzea aztertzen ari dira ontziolak
Ontzigintza sektorearentzako egun garrantzitsua izango da etzikoa; izan be, egun horretan erabakiko du Europako Batzordeko (EB) Komisarien Elkargoak tax lease sistema bitartez 2005 eta 2011. urteen artean ontziolek hartu zituzten diru laguntzak legezkoak edo ilegalak izan ziren. Diru laguntzak legez kontrakotzat joz gero, ontzioletako arduradunak EB salatzea aztertzen ari dira.
Jakinarazi dutenez, 2009an Neelie Kroes orduko Lehia komisarioak Norvegiako Gobernuari bidalitako gutun batean oinarritzen dira. Gutun hartan, Kroesek “Espainiako ontzigintza sektorea Europako lehia arauekin erabat bateragarria” zela aipatzen zuen. Joaquin Almunia Lehia komisarioak, baina, “gutun hori ikuspegi juridikotik ezin daitekeela hartu” esan zien egueneko batzarrean Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri. Modu horretan, Almuniak ontziolek 2005 eta 2011. urteen artean jasotako laguntza fiskalak bueltatu beharko dituztela berretsi zuen. Ontzijabeek eta ontziolek ez ordaintzea onartu zuen, baina inbertsoreek dirua itzuli beharko dutela berretsita. Ontzioletako langileentzat, halanda be, hori ez da nahikoa. Haien esanetan, “2.800 milioi euroak inbertsoreek itzulita, ontzi barriak egiteko kontratu gabe geratuko” baitira.
Itxialdia La Navalen
Sestaoko La Naval ontziolako enpresa batzordeak, bestalde, itxialdia egingo du bihar, enpresan bertan, ontzigintza sektoreak bizi duen egoera salatzeko, batetik, eta etzi EBk hartu behar duen erabakiaren aurrean presioa egiteko, bestetik. Biharko 20:00etatik etziko 14:00etara egingo dute itxialdia. Langile guztiei itxialdian parte hartzeko deia egin die.