Urdabaiko arraunlariak joan den asteburuko estropada baten
Banderarik irabazi ez arren, asteburu ona izan da Urdaibairentzat. Pedreñako (Kantabria) eta Donostiako (Gipuzkoa) estropadetan bigarren sailkatuta, bermeotarrek sei puntuko aldea jan diote Kaiku liderrari. Hala, hiru puntura daukate lidertza bertokoek.
Pedreñan, esaterako, bandera bat irabazteko aukera bikaina galdu zuten bermeotarrek. Estropada gehiena lehen postuan egin zuten, baina azken luzean Oriok hartu zien aurrea bertokoei. Hala, bi segunduko aldeagatik irabazi zuten oriotarrek. Estropada horretan, Kaiku seigarren sailkatu zen.
Donostiako olatu artean be ondo moldatu ziren Urdaibaiko arraunlariak, baina bigarren postuagaz konformatu behar izan zuten. Hondarribiak maisuki egin zuen arraunean, bermeotarrei zortzi segunduko aldea ateraz. Kaiku liderrak laugarren amaitu zuen estropada.
KAE 1 mailan Elantxobe goraka
KAE 1 mailan, bestalde, Busturialdeak goraka jarraitzen du. Ez zuten liga ondo hasi, baña azken postuetatik ihes egitea lortu dute elatxobetarrek, azkenaldian. Hain zuzen, bederatzigarren sailkatu ziren Donostiarra-Kaiarriba (Donostia; Gipuzkoa) banderan. Sailkapen nagusian, bestalde, hamargarren postuan da bertoko taldea. Jeitsiera postua sei puntura dauka Busturialdeak, eta jeitsiera play-offa, bestalde, hiru puntura.
KAE 2 mailan Mundaka hirugarren
KAE 2 mailan, Mundakak ezustekoa emon zuen, hirugarren sailkatuta. Bigarren postuan sailkatzeko aukera be izan zuten mundakarrek. Halanda be, Getxok zeharkatu zuen helmua lerroa bigarren postuan, Mundakari bi segunduko aldea aterata. Mundakarrek ohorezko txandatik gertu ibiltzeko asmoagaz hasi zuten denboraldia, eta badirudi bide onetik doazela. Ligako lehen estropada zazpigarren amaitu arren, bertokoek burua altxatzea lortu zuten Luancon (Asturias).
Asteburuan hirugarren eginda, bertokoek postu bat egin dute gora sailkapen orokorrean. Hain zuzen, seigarren postuan daude mundakarrak, Arkote bosgarren sailkatuagaz bardinduta. Bi taldeek dauzkate hemezortzi puntu. Laugarren eta hirugarren sailkatuak bestalde, bi puntura dituzte bertokoek.