Muruetako ontziola
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa eta Galiziako eta Asturiasko presidenteak Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehia komisarioarekin bildu dira gaur, Bruselan.
Tax lease sistemaren bidez ontziolek ogasunei pagatu ez zizkietenak ez ordaindu behar izatea eskatu diote. Almuniak, baina, ontzijabeek eta ontziolek ez ordaintzea onartu du. Halanda be, inbertsoreek dirua itzuli beharko dutela berretsi du.
Modu horretan, Almuniak ez ditu onartu Urkulluk, Soriak eta Galiziako eta Asturiasko presidenteek prest zeramatzaten argudioak, eta ontziolek 2005 eta 2011 artean jasotako laguntza fiskalak bueltatzea eskatu du, beste behin be.
Soriak eta Urkulluk Almuniari eskatu diote 2011. urtetik aurrerako laguntzak bakarrik itzuli behar izatea, baina Almuniak ez ditu argudioak aintzatetsi. Soriaren arabera, “Europako Batzordea ordura arte geldirik egon baita”.
Urkulluk Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyri eskatu dio Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin hitz egin dezala, Almuniakn erabakia geldiarazteko eta atzera bota dezan.
Langileak protestan
Ontzioletako sektoreko langileek manifestazioa egin dute gaur goizean. 11:30ean abiatu dira Sestaotik, eta Santurtziraino joan dira. Ehunka lagunek parte hartu dute manifestazio horretan. Ontzioletako sektoreko langileez gain, alkateak, ordezkari sindikalak eta politikoak be parte hartu dute; horien artean izan baitira, besteak beste, EH Bilduko legebiltzarkide Maribi Ugarteburu eta PSEko Bizkaiko idazkari nagusi Jose Antonio Pastor.
Ontzioletako langileek ontzigintza sektorearen laguntza sistemaren aurka zabalik dagoen espedientea “ixteko” eskatzen diote Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehia komisarioari.
Manifestazioan parte hartu duten langileek “kezka” agertu dute sektorearen etorkizunaren inguruan, eta Almunia eta Europako Batasunaren kontrako ohiuak egin dituzte.