Busturialdean Lan eta Bizi plataformako kideek “positiboki” baloratu dituzte hainbat eragilek, tartean Bilduk eta EAJk, emon dituzten pausoak Gernika-Lumoko Ibarrako industrigunea berpizteko. Plataformakoek azaldu dutenez, Urdaibaik “industria kudeaketa komun bat” behar du, eta azkenaldian emon diren pausoak “aberasgarriak” izan dira.
Lan eta Bizik nabarmendu duenez, gizarte eta ekonomia eragile guztien parte hartzearekin garatu behar da industria eredu barria. Hala, plataformako kideak be ekarpenak egiteko prest daudela diote. “Industria beharrezkoa da, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbagaz bateragarria den jardun ekonomikoa da” esan dute. Industria ahaztu barik, baina, gainontzeko sektoreak be bultzatu behar direla uste du Busturialdean Lan eta Bizik, dibertsifikazio ekonomikoa berreskuratuz.
Plataformako kideen ustez, aukera bikaina dute Biosfera Erreserba baten bihotzean dagoen industria eredu jasangarri bat garatzeko. Hala, eragile guztien “ideiak eta indarrak mahai gainean jartzeko momentua” dela deritzote. Industria eredu jasangarri bat sortze aldera, Urdaibaiko Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapenerako eta Garapenerako Egitaraua (JASEGE/PADAS) oso onuragarria izan daitekela deritzo Lan eta Bizik.