136.000 kilo hegaluze sartu dira, danetara, Ondarroako eta Bermeoko kofradietan
Atzoko lehen bentan saldu zen kanpainako lehen hegaluzea Ondarroako Kalare Deuna kofradian. 17.000 kilo ekarri zituen Arlanpi kazako itsasontziak. Bermeoko San Pedro arrantzaleen kofradian 44.000 kilo sartu zituzten atzo, bi itsasontziren artean. Oso kopuru onak.
Hegaluzea nahikoa hurre ari dira arrantzatzen egunotan: Arlanpi Ondarroako itsasontziak, esate baterako, Galizia partean, hamendik 900 bat miliatan egin du bere lehen marea. Gaur ez da hegaluzerik espero. Astelehenean da porturatzekoa Itoitz kazako itsasontzia.
Prezioari dagokionez, nahikoa baxua da kofradiaz kofradia. Portu askotan ari dira saltzen, eta portu guztietan dago joera bera: prezioak jaitsi egin dira azkan egunetan.
Bermeon, ekainaren 25ean sartu zen, lehenengoz, hegaluzea. Lehen salmenta hartatik atzokora arte, 75.000 kilo saldu dituzte San Pedro kofradian: garestien 7,65 eurotan saldu dute kiloa. Atzo, esate baterako, 3 euro egin zituen. 44.000 kilotik, gainera, 29.000 kilo garau handiak izan ziren: 7 kilo eta 10 kilo arteakoak.
Alturako ontziek bi egunetan deskargatu dute asteon arrain preziatua Ondarroan.
Hegaluze kupoa iaz baino zer edo zer handiagoa da: 17.096,8 tonatan zehaztu du Espainiako estatuak.
Hegalaburrari dagokionez, 2.504 tonako kupoa ezarri dute, danetara. Euskal ontziteriak, baina, zegokion kopuruaren %100a saldu du –iaz %70a saldu zuen–. Hartara, aurtengo kanpainan ez da hegalaburrik sartuko gure portuetan.