197/2006 doktrina baliogabetzeko eskatzeko Gernika-Lumotik Muxikara egindako martxa, aurtengo martxoan
Ekainaren 8an Tafallatik –Ines Del Rio preso politikoaren herria– abiatu zenetik bere bidea egiten jarraitzen du Herritarron Epaiak, eta egunotan Errenteria, Dima, Agurain eta Aramaio bisitatu ondoren, 197/2006 doktrinaren aurkako ekimen ibiltaria Busturialdera iritsiko da asteon; hain zuzen, Gernika-Lumora eta Muxikara.
Hala, Gernika-Lumotik Muxikarainoko martxa egingo dute bihar, 19:00etan Merkurio iturritik abiatuta. 20:00etan jarri du Herrirak hitzordua, Muxikako kurtzeroan. Horrez gain, domekan errepideetara ateratzeko deialdia egin du Herrirak, eta horretarako, Gernika-Lumoko Arrano tabernaren aurrean egin du hitzordua, 17:30ean.
Orain arte, ehunka herritarrek zein hamarnaka eragile eta taldek euren ekarpena egin dute 197/2006 doktrinaren aurka dagoen adostasun sozial zabala irudikatu nahi duen liburuan. Uda osoan zehar, 80 herri, hiri eta auzora helduko da Herritarron Epaia, irailaren 14an Iruñeko Anaitasunan egitekoa den ekitaldia egin aurretik. Hil horretan bertan iritsiko da ekimena Bermeora, hain zuzen, irailaren 1ean.
Herrirak eragile, talde eta herritarrei bere aportazio grafikoa egin dezaten eskatu die. “Izan ere, guztion ekarpena ezinbestekoa izango da indarrean dagoen espetxe politika eta bere salbuespen neurriekin amaitzeko; hau da, euskal jendarteak 197/2006 doktrinaren derogazioaren alde aspaldi emandako epai herritarra berresteko”.
Europako Abokatuen Elkartea, doktrinaren kontra
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak duela urtebete ebatzi zuen Ines del Rio presoari 197/2006 doktrina ezarrita espetxealdia luzatu izana Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren aurkakoa zela. Doktrina bertan behera utzi eta presoa berehala askatzeko agindu zuen. Espainiak, ordea, helegitea aurkeztu, eta ez zuen askatu. Epai hartatik urtebete igaro dela eta, mozioa plazaratu du ELDH Europako Abokatuen Elkarteak, auziari dagokion azken epaia kaleratzear denean. Doktrina ezarria duten preso guztiak berehala askatzeko eskatu du elkarteak, eta nazioarteko zirkulu juridikoetan zabaltzen ari da adierazpena.
Busturialdean Josune Onaindia muxikarrari eta Elias Fernandez bermeotarrari ezarri die Espainiak 197/2006 doktrina.