Busturialdeko irisgarritasun gida kaleratu gura du Asinsocek
Gernika-Lumoko Asinsoc Elkartea Busturialdeko irisgarritasun gida pretatzen hasi da. Patxi Quiroga elkarteko kideak jakinarazi duenez, “ezintasun fisiko edo psikiko bat dutenei zerbitzu bat eskaintzea, eta gizartea kontzientziatzea dira gidaren helburu nagusiak”. Asinsocekoak lanean hasi dira dagoeneko, eta urte amaierarako kaleratu gura dute gida.
Erakundeek egindako katalogoek eta gidek sarritan akatsak izaten dituztela dio Asinsoceko kideak, eta, gainera, ez dituzte arlo guztiak lantzen. Hala, gida osotu bat egin gura du Gernika-Lumoko elkarteak. Besteak beste, tabernak, jatetxeak, zine aretoak, kiroldegiak, dendak, enpresak, udaletxeak, hotelak, museoak, antzokiak, eta gune turistikoak batu gura dituzte, elbarriren bat dutenek “zerbitzu on” bat izan dezaten.
Quirogaren berbetan, “duela gutxi be Euskal Herritik kanpoko lagun batek bertoko informazi eske deitu zuen, baina ez geneukala esan genion”. Hala, gida bat egitea bertoko ekonomiarentzat onuragarria izan daitekela deritzo. Erraztasunak emonez, turista gehiago erakarri daitezkela dio Quirogak. Hortaz, elbarriren bat duten atzerritarrei be bertoko ateak zabaltzea da gidaren helburuetako bat.
Asinsoc Elkarteak irisgarritasun gidaren 40.000 ale kaleratzea aurreikusten du. Horietatik 22.000 eskualdeko etxebizitzen artean banatuko dituzte. Gainontzekoak bestalde, Euskal Herriko eta atzerriko erakundeetara bidaliko dituzte.
Bestalde, interneten be eskuragarri jarriko dute gida Asinsocekoek.