Domekan egingo dute hamaseigarrenez Busti Zaitez ekimena esklerosi anizkoitzaren aurka Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 80 hondartza eta igerilekutan; horien artean, Busturialdean.

Hain zuzen, Bermeok, Mundakak, Gernika-Lumok, Ibarrangeluk eta Elantxobek egingo dute bat Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak antolatuta ekimenagaz. Elantxoben uztailaren 7an ospatu zuten aipatu eguna, baina, gainontzeko herrietakoak domekan batuko dira horretarako.
Busti zaitez ekimenaren helburua, batetik, «gaixotasun sendaezin horrek sortarazten duen arazoa gizarteari jakinaraztea eta sentsibilizatzea» da, eta, bestetik, gaixoei bizi kalitatea hobetzeko, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Zentruentan eskaintzen dituzten errehabilitazio zerbitzuak finantziatzeko dirua lortzea da.