'Berba Truke' programan parte hartzeko bolondres bila ari da Busturialdeko mankomunitatea
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Berba Truke programa abiarazi du, atzerritarren eta bertoko herritarren artean bizikidetza sustatzeko. Jakinarazi dutenez, euskara edo gaztelania dakiten atzerritarrak bertoko herritar batekin batzea da asmoa. Hala, alkarren artean berba eginez, bertoko eta kanpoko herritarren arteko harremanak hobetuko direla deritzote mankomunitateko kideek.
Jatorri desbardineko bizilagun bi alkarregaz jarriz, atzerritarrek bertoko kultura eta ohiturak ezagutuko dituzte, eta Busturialdeko herritarrek be atzerritik etorritakoen ohituren barri izango dute. Hala, elkar ezagutze horrek “iraganeko mamuak” uxa ditzakela uste du mankomunitateak.
Proiektu pilotua Gernika-Lumon jarriko dute martxan. Azaldu dutenez, hamabost bikote linguistiko sortzea da helburua. Bikote horiek astean ordu betez batuko dira, hamar astetan zehar. Urritik abendura bitartean batuko dira bikote linguistikoak.
Programan parte hartu gura duten pertsonek, edo informazio gehiago gura dutenek Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateagaz jarri daitezke harremanetan. Gernika-Lumoko Industria kalean dauka egoitza mankomunitateak.