Zapatuan hartuko du Busturiko Axpe auzoak XX. Euskal Artzain txakurren erakusketa monografikoa. Busturiko Udaletik jakinarazi legez, aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde desberdinetatik etorritako 43 txakurrek hartuko dute parte.
Iazko zenbait parte hartzaile
Aurreko urteetako egitarauari eutsita, 10:00etan hasiko dira albaitariak lanean. Urte bat baino gehiago duten eta inoiz parte hartu ez duten txakurrak aztertzen hasiko dira ordu horretan, bardin da Iletsua edo Gorbeia arrazakoak izatea. Hiru albaitari izango dira txakur barrien ezaugarriak aztertzen. Proba pasatuz gero, benetako artzain txakurra dela ziurtatzen duen agiria jasoko du jabeak.
Txakurrik ederrenak
Bigarren zatian, aurreko urteetan agiria jaso duten euskal artzain txakurren txanda izango da. Proba horretan, txakurrik ederranak bilatzen dituzte. Edertasun txapelketan Gorbeia eta Iletsua arrazak bereizten dituzte urtero, eta ar ederrenak eta eme ederrenak jasoko dute saria.Lau sari banatzen dituzte, guztira.
Azkenik, Euskal Herriko Txapelketaren baitan dagoen proba egingo dute. Ez du zerikusirik gainontzeko probekin eta gura duenak parte hartzen du. Euskal Herrian egiten diren beste edertasun txapelketetako puntuak gehitzen dira horretan. Bilbon, Portugaleten, Iruñean, Irunen eta Amurrion egiten dira baita be edertasun txapelketak.