Doro Zobaran, Rober Garai eta Edorta Jimenez, Basajaunaren Ibilbidearen aurkezpenean
TICK Klubaren Busturialdeko eskaintza handitu egin da, hiru eragile gehiagoren parte hartzeagaz. Hain zuzen, Basajaunaren Ibilbideak (UrdaibaiON), Urdaibai Bird Centerrek eta Hegaluzek egin dute bat aipatu klubagaz. Azaldu dutenez, “elkarlan akordio berri horiei esker, TICK Klubeko bazkideek Urdaibain sortu edota burutzen diren ekimen kulturaletan parte hartzeko aukera izango dute hemendik aurrera, klubak eskaintzen dituen abantailekin”. Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia eta Bakearen Museoa eta Bermeoko Nestor Basterretxea aretoa eta Kafe Antzokia lehendik daude TICK Klubean, abaintailak eskainiz. Euskadiko Biodibertsitate Zentroa be gehituko dela aurreikusten dute.
Hegaluzerekin egindako akordioa doako itsas txango batekin ospatuko du TICK Klubak. Uztailaren 13an, zapatuz, bi irteera egingo dituzte. “Bizkaiko kostaldeko paisaia zoragarri hau ikuspuntu ezberdin batetik begiratzeko, Hegaluzek apirila eta azaroa bitarte egiteko irteera eskaintza zabala du, eta urte osoan zehar %20ko deskontua izango dute kulturzaleek”.
UrdaibaiON elkarteak, bestalde, mitologia, natura eta artea uztartzen ditu Basajaunaren Ibilbidean. “Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erdian kokatuta, ibilbide eder bezain iradokitzailea eskaintzen du, ingurua eta ingurumenak ematen dituen elementuekin sorturiko eraikuntza naturalak bateratuz. Natura eta giza irudimena elkartu eta bidai magikoa egitera gonbidatzen gaituen gidaria Edorta Jimenez euskal idaztea delarik. Proiektua UrdaibaiOn elkarteak sorturikoa da eta Land Art barnean koka daitezkeen piezak Rober Garai sortzailearen lanak dira”.