“Sekula hasi behar ez lukeen eta sekula ere epaiketa fasera iritsi behar ez zen auzia” legez deskribatu dute Herriko tabernen auzia. Sumarioaren kontrako testua kaleratu dute, eta hainbat juristak, kazetarik eta irakaslek sinatzen dute. “Susmo, espekulazio eta polizia txostenek elikatutako hipotesietan bakarrik oinarritzen den zigor prozedura bat da”. Diotenez, gainera, ikerketa guztian ezin izan dute aurkitu erakunde terroristarekiko lotura organiko edo kolaborazioko egitate zehatz bakar bat ere”.
40 lagun inputatu dituzte auzi horretan; tartean, Isa Mandiola markinarra, Karmelo Landa eatarra eta Jon Martinez Sukarrietako bizilaguna. Mandiolarentzat eta Landarentzat hamar urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak, eta zortzi urtekoa Martinezentzat.
Urrian hasiko da herriko tabernen auzia. 40 lagun horietatik hiruri erakunde terroristako buruzagi mailako kidea izatea leporatzen diete –Arnaldo Otegi, Rufino Etxebarria eta Joseba Permach–; beste hogeiri kide izatea eta beste hamazazpiri kolaboratzaile izatea. Baina testua kaleratu barri duten adituen ustetan, “epaiketa politiko barri bat” baino ez da. “Etsaiaren Zigor Zuzenbidearen printzipioak aplikatuta, gerora legez kanpo utzitako alderdi politiko batzuen buruzagiak zirkulazio politikotik kanpo utzi gura dituzte, zigor handiekin”. Era berean, Herriko tabernen jabe diren elkarte eta erakundeei inolako erantzukin zibilik eskatu ez, eta euren ondasunak konfiskatu dituzte. “Ez elkarteei ezta euren administrariei be ez diete egozten tabernen jarduerekin lotutako deliturik. Baina ekintza bakar bat erezehaztu gabe, ETA finantzatzen zutela adierazten dute”.
Horregatik, epaiketa politiko gehiagorik ez egiteko eskatu dute sinatzaileek, eta “eskandaluzko instrukzio bidegabeetan” oinarritutako epaiketa guztiak artxibatzea. Gainera, “etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa” prozedura judizial guztietatik desager dadin eskatu dute. Aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik barik errespeta daitezen be exijitu dute sinatzaileek. Hala, elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezartzeko eskatu dute.