Orbe bigarren sailkatu zen Madrilgo Itzulian. Makurtuta dago Orbe argazkian (eskumatara)
Haritz Orbe (Euskadi) txirrindulari gernikarrak Aostako Araneko Itzulia (Italia eta Frantzia) lehiatuko du gaurtik aurrera. Hain zuzen, gaur lehiatuko du itzuliko lehen etapa. Ia hiru kilometroko erlojupeko laburrari egin beharko dio aurre bertoko txirrindulariak.
Aostako arana Mont Blanc inguruan dago. Hala, lasterketa oso gogorra izango da txirrindularientzat, aldapa asko igo beharko baitituzte. 23 urtez azpiko kirolariek bakarrik parte hartzen dute proba horretan, eta, horrenbestez, etorkizuneko izarrak izango ditu aurkari Gernika-Lumokoak.
Madrilgo 23 urtez azpiko itzulian bigarren sailkatuta, Gernika-Lumoko txirrindularia sasoiko helduko da Aostako probara. Hala, etapa garaipen bat lortzea eta sailkapen orokorraren goikaldean egotea dira bertokoaren helburuak.
Hilaren 14a arte izango da Aostako itzulian Orbe. Etapa gogorrenei, baina, bihar eta etzi egingo die aurre gernikarrak. Bihar Magdelein mendatean amaituko da lasterketa, eta Champorcher-en, etzi.