ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA: The Riff Truckers musika talde gernikarrak Healing The Soul diska barria aurkeztuko du barikuan, Trinkete Antitxokoan. Gorka Roman taldeko abeslariak azaldu duenez, taula gainera igotzeko gogotsu daude. Aurkezpen kontzertua izango denez, ez da beste kontzerturik izango. Kontzertu amaieran, baina, 70. hamarkadako rock musika jarriko dute entzungai, festa giroagaz jarraitu gura dutenentzat. The Riff Truckersekoek 21:30ean emongo diote hasiera aurkezpen kontzertuari.
Orain arte grabatutako diskak Trinkete Antitxokoan aurkeztu dituzue. Zergatik?
Guretzat leku oso berezia da, eta eroso sentitzen gara eszenatoki gainean. Gaztaroko lehen kontzertuak Trinketean ikusi genituen. Hala, lotura berezia daukagu areto txiki horregaz. Musika arloan, gainera, leku garrantzitsua da Trinkete Antitxokoa. Besoak zabalik hartu gaituzte beti, eta harrera oso ona izan dugu han jo dugun bakoitzean.
Pentsatu al duzue noizbait aurkezpen kontzertua beste leku baten egitea?
Egia esan ez. Gustora jotzen dugu Trinketean, eta giro oso ona izaten da. Lagunen eta herrikideen aurrean diska bat aurkezteko lekurik egokiena dela deritzogu.
Lehen biderrez joko dituzue diska barriko abestiak zuzenean?
Bai, lehenengo biderrez joko ditugu kanta barriak. Halanda be, ez ditugu diska barriko abestiak bakarrik joko. Helburu nagusia diska barriko abestiak aurkeztea izango da, baina aurreko lanetako kantak be joko ditugu. The Riff Truckers barria nolakoa izango den ezagutuko dute zaleek, barikuan.
Bi urte inguruz Healing The Soul diska prestatzen ibili ostean, zuzenekoak jotzeko gogotsu egongo zarete ezta?
Gogo ikaragarria daukagu taula gainera igotzeko. Bestalde, apur bat urduri be bagaude. Bi urte inguru pasa dira eszenatokira azkenengoz igo ginenetik, eta martxa hartzen hasi beharko gara. Gernika-Lumoko eta inguruetako zaleak etxera gustura joatea izango da taldekion helburu nagusia. Apur bat urduri egon arren, kontzertu ona izango dela uste dugu. Hala, bertoko musika zaleei kontzertura joateko deia egiten diegu. Edarto pasatuko dugu alkarregaz.