Biosfera Erreserbetan ekosistemen zerbitzuak nola aplikatu aztergai, Madariaga Dorretxean
Hain zuzen be, bi eguneko mintegia da Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan egingo dutena; eguenean eta barikuan bilduko dira. “Ekosistemen zerbitzuen aplikagarritasuna Biosfera Erreserbetan” mintegian, Nazio Batuen Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa programaren ibilbidea, lortutako emaitzak eta esperientziak partekatuko dituzte, eta Bizkaian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban nola aplikatuko den ezagutaraziko dute. Era berean, Biosfera Erreserbetan, bereziki Urdaibain, ekosistemen erabilerari buruz hartzen diren erabakiak hobetzea duten oinarri zientifikoak emongo dituzte ezagutara.
Bestalde, mintegian, ekosistemak kudeatzen eta erabiltzen lagunduko duten estrategiei buruz eztaibaidatuko dute. Azkenik, Urrian, Kanadan egingo den EuroMab 2013 kongresuaren baitan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak antolatuko duen lantegirako ekarpenak be bilduko dituzte. Kongresu horretan, Europako eta Ipar Ameriketako UNESCOren Mundu Mailako Biosfera Erreserbetako Sareko kideak elkartuko dira.
Mintegian parte hartu gura duten horiek UNESCO Etxea erakundearen webgunean emon dezakete izena, eta doakoa da.