Santa Luzia auzoko urbanizazioa
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak emandako datuen arabera, 16 hektarea berdegune zeuzkan herriak 2007an, eta gaur egun hogei. Hortaz, lau urteko epean lau hektarea berdegune irabazi ditu Gernika-Lumok. Alkateak azaldu duenez, Santa Luzia auzoko urbanizazioan, Iturriondon eta umeen parkeetan daude berdegune barriak.
Gainera, Gorroñoren arabera, hektarea kopuruak gora egin duen arren, berdeguneak zaintzeko aurrekontuak behera egin du azken urteetan. Hain zuzen, 2006an 306.000 euroko aurrekontua zeukan udalak berdeguneak zaintzeko eta atontzeko. 2012an, aldiz, 286.000 eurokoa izan zen horretara bideratutako partida. “Nahiz eta urtez urte azalera handiagoa den, gastuak optimizatzen ari gara”, esan du alkateak.
EAJren zinegotzi Maria Uriberen kezka bati erantzunez eman ditu Gorroñok berdeguneen inguruko azalpenak. Lumon egindako osoko bilkuran, lorezaintza zerbitzuaren kontraturik ez dagoela ekarri du gogora Uribek, kontratu publikoa egin beharko litzatekeela esanez. Horri erantzunez, kontratu publikoa lehiaketara ateratzeko oinarriak finkatzen ari direla argitu du Gorroñok. Hain zuzen, oinarriak ezarri dituztela baina beste herri batzuetakoak aztertu ostean hobekuntzak eta aldaketak egin nahi dituztela zehaztu du.