Guztion proiektuaren tailer bat, Mundakan
Iaz Amerika eta aurten Afrika. Duela bost urte hasitako bideari segida emanez, aurten be kulturarteko bizikidetza sustatzeko programa ipini du abian Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Oraingoan, baina, kontinente beltzera hurbilduko ditu umeak, Afrika, kontinente baten aberastasunak programaren bitartez «hain gertu dagoen eta hain ezezaguna den munduko lurralde horretara» jauzi egiteko aukera emanez.
Hamahiru herritan antolatu dituzte programagaz lotutako jarduerak. Mendatak eta Ibarrangeluk ireki dute egitaraua, eta urtean zehar egingo dute bat gainontzeko udalerriek. Hil honetan, adibidez, Ean, Forua, Gautegiz Arteagan, Busturian eta Muxikan izango dituzte ekintzak.
Sentsibilizazio lana egitea da programren helburua, eta 4tik 12 urtera arteko umeei dago zuzenduta. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzaren diru laguntza baten bidez garatuko dute proiektua.
Jolasaren bidez ikasi
Udalekuen bitartez gauzatuko dute Afrika, kontinente baten aberastasunak eta, besteak beste, umeek Afrikako erritmoak dantzatuko eta joko dituzte; beste hizkuntza batzuk ezagutuko (arabiarra, wolofa) dituzte; eta inguru hartako maskarak, soineko eta apaingarriak egingo dituzte. Afrikako sukaldaritza dastatzeko aukera be edukiko dute, eta baita kontinente horretako ekosistemaren, floraren eta faunaren aberastasuna; Saharako eta Marokoko ipuinak eta Afrikako jokoak ezagutzeko be.
Hortaz, jolasaren bidez, «beste errealitate batzuetara zabaldu ahal izango dute umeek beren begirada». Landutakoa, gerora, jai batean gozpuztuko dute, «dantza, jantzi eta jaki tipikoekin».
Mankomunitateak zehaztu duenez, udalerri bakoitzean egin behar da programan parte hartzeko inskripzioa.
Herriz herri
- Gautegiz Arteaga. Uztailaren 15ean, 16an, 17an,18an eta 19an, 10:00etatik 13:00etara.
- Busturia. Uztailaren 15ean, 16an, 17an,18an eta 19an, 10:00etatik 13:00etara.
- Ea. Uztailaren 10ean eta 11n, 10:30etik 13:30era.
- Elantxobe. Irailaren 2an, 3an, 4an, 5ean eta 6an, 18:00etatik 20:00etara.
- Errigoiti. Gabonetan.
- Forua. Uztailaren 1ean, 2an, 3an, 4an eta 5ean, 09:30etik 12:30era.
- Gernika-Lumo. Irailaren 2an, 3an, 4an, 5ean eta 6an, 10:30etik 13:30era.
- Morga. Irailaren 2an, 3an, 4an, 5ean eta 6an, 10:00etatik 13:00etara.
- Mundaka. Gabonetan.
- Muxika. Uztailaren 22an, 23an, 24an eta 26an, 10:00etatik 13:30era.
- Nabarniz. Urrian.