Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, obrak bertatik bertara ikusten
Joan den astean hasi zituen Bizkaiko Foru Aldundiak Urdinbideko tunelaren hondeaketa lanak, Autzaganeko saihesbidean. Zehazki, tunelaren eskuineko hodian hasi dira lanekin, “iparraldeko ahotik, hau da, Muxikatik hurbilen dagoen muturrean”. Aldundiak aurreikusten duenez, uztailaren erdialdera hasiko dituzte aho bereko ezkerreko hodiaren hondeaketa lanak ere.
Autzaganeko saihesbideak, guztira, 3,6 kilometroko luzera dauka. “AP-8aren eta N-634aren arteko lotunean hasten da, Zornotzan, eta dagoen errepidea (BI-635) oinarri hartzen du 1,5 kilometroko tartean”. Hortik aurrera, egungo bidea utzi, eta, 703 metro luzera izango duen Urdinbideko bi hodiko tunelaren bitartez, Autzaganeko gaina saihestu ahalko da. “Katea inguruan, tunelera sartu aurretik, bi biribilgune berrirekiko lotunea dago, eta, horri esker, korridore berrira sartu eta hortik irten ahal izango da. Horrez gain, biribilgune horiek zerbitzu-bideak eta alde horretako baserrietako zenbait bide jasoko dituzte”.
Urdinbideko tunela igaro ostean, trazadura berriz ere BI-635 errepidean oinarritzen da, eta, galtzada-kopurua galtzada batera murriztu eta gero, Esturo auzoaren inguruan amaituko da.
64,75 milioi eurtan esleitu zuten proiektua, eta egikaritzeko 30 hilabeteko epea dauka enpresa esleipendunak, obrak hasi zirenetik, hau da, iazko uztailetik aurrera.