Erramon trainerua
Zapatuan dauka Mundakak jokoan KAE2 mailako denboraldiko lehenengo estropada, Donibane Ziburun (Lapurdi). Bosgarren urtea dauka Mundakak KAE2n, eta ohorezko txandan sartzea da aurtengorako ezarri duen helburua. Beste behin be, Mundakako arraunlariek Sabino Astigarraga entrenatzailearen aginduetara egingo dute lan. Haren esanetan, aurtengo neguan “aurrekoetan baino lan serioagoa” egin dute; “horregatik, aurton sailkapenean gorago egotea gustatuko litzaiguke, ohorezko txandan lehiatzea, batez be, eta lehenengo lauren artean izatea”. Neguko zenbait jaitsieratan parte hartu du Mundakak, eta maila «ona» emon dutela uste du Astigarragak, “ilusionatzeko modukoa”.
Aurtengo taldeak “gehiago eta serioago” entrenatu duela dio Astigarragak, “nahiz eta denboraldia hasteko dagoela, taldean garrantzitsu direnen zenbait lesio ditugun. Hainbat arinen prest izatea espero dut”.
Denboraldia hasteko «gogotsu» daudela azaldu du entrenatzaileak.”Azken asteak oso luze egiten ari zaizkigu. Ekainaren 16an Ondarroan izan genuen azken estropada, eta bihar arte ez gara hasten; tarte luzea da”.