Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurkako jarrera agertu dute Bermeoko udal gobernuak, Bermeoko Bilduk eta baita Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) be; izan be, martitzenean hasi ziren Portuzarrean aparkatzeagatik orduko 85 zentimo kobratzen, “egun batetik bestera, eta ezer esan barik” azaldu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.
Erabiltzaile bat aparkatzeagatik ordaintzen
“Gogor” kritikatu du Bermeoko Bilduk Jaurlaritzaren erabakia: “Bermeoko herriaren iritzia eta beharrizanak kontuan hartu gabe hartu dute erabakia, egun batetik bestera”. Gogorarazi dutenez, Bermeon ez dago ordaindu beharreko beste aparkalekurik, “eta EAJk, orain, Gasteiztik neurri hau inpositu digu”, kritikatu dute.
Bermeoko Udalak be “ustekabez” hartu du Jaurlaritzaren neurria, “udalari horren barri emon barik hartu dute erabakia”, azaldu du Bermeoko alkateak. Alkatearen ustez, herriarenganako “errespetu falta handia” izan du Jaurlaritzak. “Badakigu azken erabakia beraiena dela, beraiena baita eskumena. Baina ez gaituzte kontuan izan”.
Erabaki okerra
Aparkalekuak kobratzeko ebakiaren barri “kalean izan duela-eta”, astelehenetik, gauzak konpontzeko ahaleginetan ibili direla esan du Bidegurenek, horregatik ez duela orain arte adierazpenik egin gura izan: “gauzak aztertzeko eta kudeatzeko ahaleginak egiten ibili gara. Uste izan dugu, gainera, gure haserrea prentsan erakustea, interlokutoreekin egin beharreko lana zailduko zuela”.
Goizeko prentsaurrekoan, Jaurlaritzak Portuzarreko aparkalekuan kobratzeko hartu duen erabakia “okerra” dela esan du Bermeoko alkateak, “inprobisazio handiz hartutakoa, gauza asko zehaztu barik daude eta ez dute argi nola funtzionatuko duten aparkalekuek”. Jaurlaritzak hartutako neurria “hanka sartzea” izan dela azaldu du.
Bermeoko EAJ be “harrituta” geratu da Jaurlaritzatik hartu duten erabakiarekin eta Bermeoko alkatearen “utzikeria” salatu dute, “hasieratik herritarren interesak defendatu ez dituelako”. Jakinarazi dutenez, Portuzarrean ordaindutako aparkalekuak martxan ipintzeko asmoa Eusko Jaurlaritzan gobernu sozialista zegoenetik dator. Orduan, Bermeoko Udalak -EAJ eta EA- alderdi guztien adostasunarekin, gaitzespena agertarazi zion Jaurlaritzari.
Gaitzespenaren arrazoi nagusia, Bermeoko aparkaleku falta zela adierazi dute. Arazoaz jakitun, udalak be ez duela inoiz ordaindutako aparkaguneei buruzko planteamendurik egin diote EAJkoek. Guzti horregatik, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurka, orain arte agertu duten aparkaleku libreen aldeko jarrera berretsi gura izan dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren ordainketa sistema ezartzeko asmoa indartzen joan den heinean, hainbat osoko bilkuretan gaiari buruzko jarrera agertzeko eskaera egin dio EAJk Bilduri: “Gaia esku artean hartzeko eta aurreko udal gobernuak egin modura, gaitzespena aurkezteko eskatu diogu alkateari, behin eta barriz. Alderdi biak batera idatzitako mozio bat aurkezteko proposamena egin genuen eta ezetz esan zuten”.
Egun, baina, Jaurlaritzaren erabakia martxan da eta Portuzarrean aparkatzeagatik ordaindu behar da. Horreri buelta emotea “zaila” izango dela uste badute be, Bildurekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira EAJko zinegotziak.
Alderdikeriak erabiltzea kritikatu du Bidegurenek
“Haserre” agertu da Bermeoko alkatea Bermeoko EAJren jarrerarekin: “Portuzarreko aparkalekuak kobratzeko erabakia Eusko Jaurlaritzana izan bada be, EAJk udal gobernuaren aurka erabili du alderdikeria bilatuz”. Irtenbideak bilatu beharrean, “komunikabideen aurrean erantzukizunak eskatzera” agertu izana salatu du.