Muruetako ontziola
Euskal Herriko ontziolen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean “kezka” adierazi du goizeon EH Bilduk, Sestaoko La Navalen egindako adierazpenetan. Guzti horren sorburuan Europako Batasunaren (EB) jarrera dagoela nabarmendu dute: “EBren politika ildoa eredu neoliberalik neoliberalenera gaildendu da”. Euskal ontziolen egoera larria “estatu jakin batzuen ineteresen menpe dagoen eta Europako erakundeen funtzionamenduarekin erabat baldintzatua” dagoela uste dute.
EH Bilduren ustez, zenbait herrialdeetan egiten den “dumping”-ean dago egungo “arazo larria”. Modu horretan, “onartezina” da koalizioaren arabera, “milaka langilek ordaindu behar izatea erakundeek bere garaian hartutako erabaki okerrak”.
Bestalde, Espainiako gobernu desbardinek ontziolen auzian egindako kudeaketa salatu dute, Espainiak auzi honetan “erantzukizun nabarmena” duela nabarmenduta: “EBren konplize izan da urte hauetan, eta ez ditu langileen eskubideak eta aldarrikapenak behar bezala defendatu”.
Joaquin Almunia Lehia komisarioa “lobby atzerakoienen eta politika neoliberalen bozeramaile” bilakatu dela kritikatu du EH Bilduk eta euskal ontziolen enpresa batzordeak egin duen haren dimisio eskaerarekin bat egiten dutela adierazi dute.
Ontzioletako langileek hilaren 9rako eta 11rako deitu dituzten mobilizazioekin bat egingo dutela azaldu du koalizioak. Gainera, beraien egoera zuzenean ezagutzeko, ontzioletako agenteekin bilerak hasi dituztela iragarri dute.
Hilaren 11n batzarra
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soria eta Asturias eta Galiziako presidenteak uztailaren 11n batzartuko dira Almuniarekin.