Lan txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak egin dituzte gaur, eta deialdi horren jarraipenaren balorazio ofizialik egin ez badute ere, zenbait enpresatan deialdiagaz bat egin dutela esan du LAB sindikatuak. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko metal arloko ordezkari Jon Iñaki Alkortak azaldu duenez, erantzuna ez da bardina izan enpresa handietan edota txiki-ertainetan. Gernikaldeko zenbait enpresa txikik produkzioa geratu dutela esan du Alkortak, “Gernika Garbiketak edo inguruko zenbait tailer, esaterako”. Dena den, enpresaz enpresako balorazioa egitea zail dutela azaldu du. Dena den, enpresa handien artean, bi eskualdeetan langile gehien dituen Etxebarriako Nemak lantegiak goizeko txandanprodukzioaren %70a gelditu duela azaldu du Alkortak, “eta arratsaldeko zein gaueko txandetan ere lanuztea egingo dutela esan digute”.
Dena den, patronalaren jarrera kritikatu dute sindikatuek. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan, egoerak berak eskatzen duen neurrira egoteko eskatu diote patronalari. Hitzarmenak hiltzen uzteak “gatazkak” ekar ditzakeela ohartarazi du LAB sindikatuak. CCOO-Euskadiko idazkari orokor Unai Sordok, bestalde, hitzarmenen negoziazioan enpresa buruek erakutsi duten “jokabide maltzurra” kritikatu du.
Uztailaren 7an hitzarmenak bertan behera geratuz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 400.000 langileren eskubideak kolokan legozke. Izan be, LABek, azaldu duenez, patronalak lan erreforma baliatu gura du enpresaz enpresa etekinak ateratzeko, langileen kalterako.
Patronalarekin batu da Urkullu
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu be enpresa buruekin batzartu da, eta lan hitzarmenak urtebetez luzatzeko eskatu die Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lehendakariak, negoziazioetan aurrera egiteko asmoz. Orain, bai lehendakariak eta Jaurlaritzak berak eta sindikatuek egindako eskaerei epe laburrean erantzuteko eskatu diote sindikatuek patronalari.