Zapatuko hilketaren ostean laguntzei buruz egindako adierazpenak gaizki ulertu direla dio Gorroñok
27 urteko gazte baten hilketaren ostean egindako adierazpenak gaizki ulertu direla azaldu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Hala, Eusko Alkartasunak zein EH Bilduk krisi ekonomikoa pairatzen dabiltzan familiei babesa agertu diete, zurrumurruekin amaitzeko asmoz. Herritartasuna kontuan hartu barik, egoera okerrean daudenek gizarte laguntzak jasotzeko eskubide osoa daukatela nabarmendu du koalizioak.
Hilketaren ostean, udalak atsekabea agertu zuen, eta hilketa gaitzetsi be egin zuen, ohar bidez. Halaber, doluminak helarazi zizkien hildakoaren senideei. Ohar hartan jakinarazi zutenez, gizarte laguntzen legedia aldatzeko eskatuko dio udalak Eusko Jaurlaritzari. Tokiko erakundearen arabera, “delitua egiten duenak, gizartean lekurik ez edukitzeaz gain, ezin dezake laguntzarik jaso”. Horrez gain, “udalerriaren elkarbizitza baketsua aztoratzen duten gisa horretako indarkeriazko ekintzak gogor arbuiatu” zituen. Adierazpenok zalaparta handia sortu dute egunotan, baina, EH Bilduren ustez, alkatearen berbak txarto ulertu dira.
Kartzelatu egin dituzte
Zapatu goizaldean hil zuten 27 urteko gazte bat Juan Calzada kalean, labanaz. Bi ordu beranduago 28 eta 34 urteko bi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak, erasoaren egileak zirelakoan. Epailearen aurretik pasa ostean, Basauriko espetxean sartu dituzte ustezko erasotzaileak.