Muruetako ontziola
Uztailaren 17an hartuko dute ontziolek ‘tax lease’ laguntza fiskalei buruzko erabaki irmoa, eta egun hori heldu bitartean proposamena alda daitekeela esan du Europar Batasuneko presidenteorde eta Lehia Komisarioa den Joaquin Almuniak. Horretarako, baina, “argudio juridikoak eta arrazoiak” beharko direla ohartarazi du. Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak esan duenaren arabera, Espainiako Gobernuak, erkidegoak eta ontziolen patronalak elkarlanean prestatuko dute auzi horretarako defentsa, eta argudio juridiko berriak aurkeztuko dituztela aurreratu du.
Tax lease sistemaren bitartez lortutako onura fiskalak bueltatzeko agindua jasoz gero, ontziolen etorkizuna jokoan legokeela esan dute ontzioletako arduradunek eta langileek. Muruetako ontziolari ez ezik, Naval, Zamakona, Pasaia eta Balenciaga ontziolei be eragingo die Europar Batasunaren erabakiak. Guztira, 3.000 milioi euroko zorra izango lukete Espainiako ontziolek. Soriak aipatu duenez, 87.000 lanpostu izango lirateke arriskuan, eta horiek babestu gura dituzte.