Suteak kaltetutako familiak laguntzeko jasotako 200 kilo solidarioak
2013ko otsailean hasi zuen bere ibilbidea Bermeoko Kate Sarea elkarteak, eta ordutik, batik bat krisiaren eraginak pairatzen ari diren familiak laguntzen dihardu, arropak eta jakiak banatuz. Zehazki, egungo datuen arabera,
304 pertsonak jaso dute elkartearen laguntza. Horiei ez ezik,
apirilaren 11ko sutearen ondorioz etxerik barik geratu ziren 27 familiak be lagundu ditu Kate Sareak.
Laguntzez baliatu direnen gehiengoa bermeotarra dela zehaztu du elkarteak; hain zuzen, 200 pertsona. Mundakarrak izan dira lau, eta bost Bilbokoak. Gainontzekoak portugaldarrak (12), perutarrak (4), boliviarrak (28), kolonbiarrak (5), marokoarrak (12), argeliarrak (15), errumaniarrak (2), ukrainiarrak (1), ginearrak (2), liberiarrak (5), mauritaniarrak (4) eta pakistandarrak (1) izan dira.
Herritarren beharrizanak hor dirauela eta, uztailean eta abuztuan
informazio kanpaina bat abiaraziko du Bermeoko elkarteak. Azaldu duenez, batetik, herritarren laguntza eskertzea izango du helburu kanpainak; eta, bestetik, jakiak batzea, elkarteak laguntzaile dituen komertzioetan utz daitezkeenak.
Izan be, biltegiaren egoera ez dela gura bezain beste ona zehaztu du Kate Sareak.
Jasotako laguntza handia izan dela aitortu arren, laguntza behar dutenen kopuruak gora egiten darraiela dio, eta, beraz, dituzten arropak eta jakiak ez direla beharrak asetzeko bestekoak. Batez be oinarrizko produktuen beharra dagoela zehaztu du: esnea, olioa, azukrea, kakaoa…
Kanpaina barri horretan, nobedade legez, ekarpen ekonomikoak egiteko aukera emango du Kate Sareak, elkartearen gastuei aurre egin ahal izateko. Papertegi arloko gastuak, kanpainei dagozkionak, gasolioa, telefonoa… ordaintzeko baliatuko dute dirua.
Bestalde, laguntza eskaerak kudeatzerakoan elkarrizketa pertsonalak egiten dituztela gogorarazi du elkarteak, egoera zein den baieztatzen duten dokumentazioa eskatzeaz gain. Argitu duenez, hori guztia datuen babeserako legea betez egiten dutela nabarmendu du.