Hirigunearen eta hondartzaren irisgarritasuna hobetzeko Mundakako Udala garatzen ari den programaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak Laidatxu hondartzarako sarbidea hobetzeko lanak egin ditu. Bi tarte desbardin dituen aldapa batek osatzen du hondartzarako sarrera barriak. Irisgarritasuna bermatu ostean, Foru Aldundiak Laidatxu hondartzan be Hondartza Denontzat zerbitzua eskaintzea erabaki du.
Bi erabiltzaile “Hondartza Denontzat” zerbitzuaz baliatzen
Gaur goizean, Mundakako Laidatxu hondartzarako egin duten sarrera barria ikuskatzera hurbildu ziren Ingurumen diputatu Iosu Madariaga eta Ingurumen zuzendari Maria Uribe. Madariagak azaldu legez, «Laidatxun egin diren lan horiekin, Foru Aldundiak 2005. urtean hasi zuen hondartzetako irisgarritasuna bermatzeko garatutako plana amaitutzat jo du». Laidatxurako irisgarritasuna hobetzeko aldapa egiteko, tramitazio administratibo «oso korapilatsua» izan dela zehaztu du Madariagak, «Urdaibain zerbait egiteko hainbat baimen behar direlako».
Mundakarrak emaitzarekin «pozik» daudela azaldu du Mundakako alkate Aitor Egurrolak. Halanda be, hasieran proiektua ikusi zutenean, «beldur» zirela nabarmendu du: «aldapak askoz handiagoa emoten zuen eta itsasgoran leku handirik ez da egoten». Orain, baina, «asko» erabiltzen dela azaldu du Egurrolak.
Martxoan hasi zituzten errepideko zubiaren paraleloan doan aldapa egiteko lanak: %8ko malda du eta bi metroko zabalera. Hondartza denboraldia hasi zenerako prest zegoen, eta 239.610,93 euroko aurrekontuarekin egin dituzte lanak. Hori baino lehen, hondartzarako egungo sarbidearen albotik doan espaloi bat be egin zuen Foru Aldundiak, irisgarritasuna hobetzeko lehenengo fase batean.
Irisgarritasuna, guztiontzat
Madariaga diputatuak argi utzi gura izan du irisgarritasuna «guztion onerako» dela, eta ez bakarrik mugikortasun arazoak edo elbarriren bat duten horientzat, «umeak dituzten familiei edota nagusiei erraztasunak emotean datza, batzuek aipatzekotan».
Egin dituzten lan horiei guztiei esker, eta behin hondartza horretarako irisgarritasuna bermatuta, Foru Aldundiak Laidatxun be Hondartza Denontzat zerbitzua eskaintzea erabaki du. Zerbitzu horren bitartez, desgaitasuna edo mugikortasun urritua duten pertsonei bainua hartzen laguntzen die. Orain arte zerbitzu hori eskaintzen zuten Zierbenako La Arena, Getxoko Ereaga, Plentziako, Lekeitioko Isuntza eta Ibarrangeluko Laida hondartzei, beraz, Mundakako Laidatxu gehitu zaie aurten. Hondartza Denontzat zerbitzua abiarazi zutenetik hamar urte pasatu dira jada.
Gaur hasi eta abuztuaren 31ra arte garatuko da programa, asteko zazpi egunetan, 11:00etatik 18:30eara. Programaren helburu nagusia herritar guztiei hondartzen erabilera zabaltzea dela azaldu du zerbitzua bultzatzen duen Bidaideko koordinatzaile Txema Alonsok. Bizkaian, mugikortasun arazoak dituzten 35.000 lagun inguru daudela azaldu du, eta horiek hondartzaz gozatzeko aukera be badutela dio. Bainua hartzeko laguntza behar dutenei laguntzeko, aurten, 19 monitore aditu izango direla zehaztu du. Bi hilabete hauetan, 4.500 lagun ingururi arreta emongo diotela aurreikusten dute, «batez be, desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen kolektiboetako jendea». Hondartza bakoitzak zerbitzuari buruzko informazio puntua izango duela azaldu dute.
Hondartzak hautatzerakoan, zenbait irizpide kontuan izaten dituztela esan du Madariaga diputatuak, «lurralde banaketa, irisgarritasuna, demografia eta itsasoaren egoera». Zerbitzua, beraz, ezin daitekeela hondartza guztietan emon azaldu du, «ur lasaiak bilatzen baitutugu».