ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Audience Musika musika talde gernikarrak
Mistress Games lan barriaren aurkezpen kontzertua joko du zapatuan, Gernika-Lumon. Ohi bezala, Lizeo Antzokian joko dituzte disko barriko kantak, lehenengoz. Gaizka Insunza taldekideak jakinarazi duenez, “kontzertua jotzeko irrikitan” daude. Urduritasun apur bat be sentitzen dute, baina albo batera utziko dituzte nerbioak, 21:30etik aurrera. Lizeoko bazkide izanez gero, edo Gazte Txartela izanez gero, 4,5 euro ordaindu beharko dituzte musika zaleek. Gainontzekoek, bestalde, 6 euro ordaindu behar dituzte kontzertua ikusteko.
Zapatuan ‘Mistress Games’ disko barria aurkeztuko duzue Lizeo Antzokian. Taula gainera igotzeko gogotsu al zaudete?
Lizeo Antzokian jotzeko gogo ikaragarria daukagu. 2001ean jo genuen lehen biderrez Lizeoan, eta disko guztiak bertan aurkeztu ditugu ordutik. Ilusio handia egiten digu etxeko zaleen aurrean aritzea, taldekideok urduritasun puntu bat sentitu arren. Halanda be, ez genuke beste ezergatik aldatuko. Herriko jendea pozik geratzea eta giro ona sortzea izango dira helburuak.
Leku berezia al da Lizeo Antzokia taldekideentzat?
Leku oso berezia da, eta barru-barruan daramagu. Baldintza teknikoen aldetik, esaterako, leku ikaragarria da guretzat. Bost lagunek osatzen dugu taldea, eta musika tresna nahiko bereziak jotzen ditugu. Hala, soinu ona izatea ezinbestekoa da kontzertuagaz gozatu ahal izateko. Lizeoak akustika oso ona dauka, eta lasai gaude zentzu horretan. Gainera, lagunen, familiaren eta herrikideen babesa izaten dugu Gernika-Lumoko aurkezpen kontzertuetan.
Lehenengo biderrez joko dituzue disko barriko abestiak jendaurrean?
Bai, lehenengo biderrez igoko gara taula gainera disko barriagaz. Guretzat be proba txiki bat izango da. Abestiek zer nolako harrera duten ikusiko dugu.
Lan barriko abestiak baino ez dituzue joko?
Gure ibilbidean kaleratutako disko guztien abestiak joko ditugu, kanta barriak jotzeaz gain. Batez be azken diskoan jarriko dugu arreta, baina errepaso zabal bat egin gura dugu.
Etxeko zaleen aurrean jotzea abantaila bat da edo arazo bat?
Abantaila bat eta arazo bat da. Pozgarria da publikora begiratzea eta ezagunak bertan izatea, baina urduritasun puntu bat be izaten dugu normalean. Gernika-Lumon askotan ikusi gaituzte zuzenekoan, eta barritzea oso zaila izaten da. Horrek sortzen dizkigu arazo gehien. Momenturik txarrenak taula gainera igo aurretik pasatzen ditugu, baina agertokira irtetzean musikak lasaitu egiten gaitu. Gaztetako futbol partidekin alderatzen dut kontzertua. Partida jokatu aurretik urduri zaude, baina zelaira irtetzerakoan artegatasuna ahazten duzu.