Irailaren 24ra bitartean,
Coelacanthus Biscayensis 2.0 izeneko erakusketa egongo da ikusgai Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian. Rober Garai gernikarrak lau espazio bereizi ditu biodibertsitate mitologiko mitikoan oinarritzen den erakusketan:
Latimeria Cholumnae,
galeria grafikoa (34 metro),
Eugenio umearen kapilla eta
Clemente Abaroaren bulegoa. Lau espazioen bitartez, “Busturialdean garai batetan posible izango litzatekeen kosmogonia-mitologiko industrialaren inguruko unibertso liluragarria sortu eta dokumentatu du” gernikarrak, “bizia emanez”.
Madariaga Dorretxetik azaldu dutenez, “dibertsitate biologiko mitikoa bizi izandako garai ilun baten aurrean aurkitzen gara, non izaki, sineskeria eta ametsak errealitateko planora pasatzen diren. Egileak, beraz, Arte Garaikidea erabiliz, garai hartako eguneroko errealitatea kontatzen digu”.
Erakusketa doakoa da, eta, gainera, Euskadiko Biodibertsitate Zentroko GastroBar-ean Coelacantus pintxoak dastatzeko aukera dago. Halaber, erakusketari lotutako elementu guztiak dituzte salgai dendan: kamisetak, postalak,
Tratado de Tritones liburua eta
Zapatos en la Arena eleberri grafikoa (Fernando Palazuelos eta Rober Garairena).