Bermeoren eta Gernikaren arteko partida baten irudia
Suteak kaltetutakoen aldeko lagun arteko partida uztailaren 13an jokatuko dute Bermeo Futbol Taldeak eta Athletic-ek, Itxas Ganen, eta sarrerak barikutik aurrera erosi ahalko dira, Gurea, Erribera, Kai Alde, Urdaibai, Galerna, Doniene eta Andeko tabernetan. Guztira, 3.000 sarrera jarriko dituzte salgai.
Hilaren 11 izango da sarrerak aurretiaz eskuratzeko azken eguna. Hala eginez gero, sarrera bakoitzak 10 euro balioko du; txarteldegian 2 euro garestiago. Edozein kasutan, hamalau urtez azpikoek euro bat ordaindu beharko dute. Bestalde, futbol eskolako jokalariek nahiz Bermeoko klubeko edozein taldetan jokatzen dutenek Bermeo Futbol Taldearen bulegoetan eskuratu ahalko dituzte sarrerak zapatu-domekan (11:00etatik 14:30era) edo astelehenean (18:00etatik 20:00etara). Euro bat eta hiru euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren.
Aurreko denboraldiko eta egungo jokalariek osatuko dute Bermeo Futbol Taldea hilaren 13ko partidan, beste talde batzuetan jokatzen dabiltzan zenbait bermeotarrekin batera.