Almuniaren eta Urkulluren arteko elkarrizketa "garrantzitsua" izan dela azaldu dute
Ontziolen sektoreak bizi dezakeen arrisku egoerari irtenbide bat bilatu asmoz, gaur ziren Europar Batzordeko (EB) presidenteorde eta Lehia komisario Joaquin Almuniarekin batzartzekoak Iñigo Urkullu lehendakaria, Galiziako eta Asturiasko presidenteak eta Industria ministroa, baina bilera datorren astera atzeratu du Europar Batzordeko presidenteordeak. Horrela izanik, jakinarazi dutenez, atzo arratsaldean telefonoz aritu ziren Urkullu eta Almunia, eta batzartzeko eguna zehaztu ez badute be, datorren astean izango dela baieztatu dute.
Urkulluk eta Almuniak atzo arratsaldean izandako elkarrizketaz mintzatu da gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan EAJko bozeramale den Aitor Esteban, “garrantzitsua” izan zela nabarmenduta. Haren esanetan, tax lease izenagaz ezagutzen diren laguntzak itzultzearen auzian “esperantzarako tartea badago”. Datorren asteko batzarra “funtzezkoa” izango dela dio, eta Almuniaren proposamenari buelta emotea zaila izango bada be, “ez du albo batera uzten Almuniak orain arte egindako proposamenean aldaketaren bat egotea”. Bai ontziolen zein Europaren onerako, hori espero du behintzat Estebanek, bestalde, haren ustez, Almuniaren erabakiarekin Asiako ontziolak izango dira onuradunak. Espainiako Gobernua “gainezka” ikusten duela aipatu du Estebanek, “oso kezkatuta” daudela esanez.
Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak, bere aldetik, “dena zarratuta ez” dagoela esan du. Haren ustez, itzuli beharreko laguntzen zenbatekoa bolo-bolo dabilena baino txikiagoa izango da. Hain zuzen, 3.000 milioi eurotan ezartzen du zigor espedienteak itzuli beharreko zenbatekoa. Horrez gain, Europako erakundeei ontziolen sektorearen aldeko apustua egin dezaten eskatu die Bilbaok.