Orduko 0,85 euro ordaindu beharko dira 'Olatua'-ren inguruan aparkatzeagatik
Oinezkoentzako gunea izateari utzi dio Bermeoko Portu Zaharreko Olatua eskulturaren ondoko guneak. Autoek aparkatzeko aukera dute beste behin be, are gehiago, gaurtik aurrera bertan aparkatu gura dutenek orduko 85 zentimo ordaindu beharko dituzte.
Eusko Jaurlaritzako azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Anguloren esanetan, “aparkatzeagatik ordaindu beharreko tarifa hori bardina izango da herritar guztientzat”. Halanda be, kirol portuko erabiltzaileek ordu zehatz batzuetan “lehentasuna” izango dutela jakinarazi du. Oraindik, baina, gauza horiek guztiak zehazten dabiltzala dio Ruiz de Angulok. Harek azaldu legez, “arrantza-gunea eta izotz-fabrika kaltetuak izan direla antzeman dugu, eta gauza guzti horiek konpontzeko lanetan ari gara”. Horregatik, Bermeoko portuko azpiegituren eta zerbitzuen hobekuntza lanak egiten ari diren bitartean “pazientzia” eskatzen die herritarrei.
Iazko urrian erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Olatua eskulturaren ondoko aparkalekua oinezkoentzako gune modura uztea. Orduan Jaurlaritzatik azaldu legez, “Portu Zaharraren helburua ezin daiteke izan aparkalekuen plaza kopurua gehitzea, baizik eta portuak izan behar duen irudi egoki bat agertzea, paseatzeko, ikuspen onarekin…”. Egun, Bermeoko portuak herrigunean duen “kokapen estrategikoa” dela eta, aparkalekuen eskaera handia dagoela azaldu dute Jaurlaritzatik. Gainera, Bermeoko kirol portuko erabiltzaile askok lehen Euskadiko Kirol Portuakek (EKP) emoten zituen zerbitzuak eskatzen ari direla aipatu du Ruiz de Angulok, “horietako bat aparkalekua izanik”, dio.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren helburua, EKPk Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kirol portu guztiak kudeatzea dela adierazi du Ruiz de Angulok: “Gure erkidegoaren eskaintza nautikoak sustatzeko, balioztatzeko eta ondo kudeatzeko”. Izan be, balio soziekonomiko handia duen ekintza dela uste du.