Bihar abiaraziko da Bermeoko jazzaldiaren hamaseigarren edizioa. Beste behin be, hiru kontzertu eta jam session bat antolatu dituzte. Kontzertuak, aurreko urteetan egin legez, Bermeoko Kafe Antzokian izango dira; hirurak 20:30ean hasiko dira.
Iazko kontzertuetako bat
Carlos Velasco Quintet talde euskaldunak zabalduko du bihar, aurtengo Jazzber jaialdia. 2011n argitaratutako
Muy personal diskoa aurkeztuko du Kafe Antzokiko agertokian. 80. hamarkadan hasi zen Carlos Velascoren ibilbidea eta jazz, pop eta rock proiektuetan parte hartu du.
Eguenean, Freeway Quintet poloniarren txanda izango da. Jazz progresiboa egiten du boskote honek. Talde modura zein kideek bakarka, hainbat sari lortu dituzte Poloniako jazz lehiaketa garrantzitsuenetan.
Artur Tuznik hirukoteak hartuko du barikuan Antzokiko agertokia. Honako soinuak biltzen ditu hirukoteak: hardbop, free jazz, egungo musikaren inprobisazioa eta abangoardia eskandinaviarra.
Aurten be Jazzber jaialdia Irish Pubean egingo den jam session bategaz amaituko da. Jazz musika jotzen duten hainbat taldek parte hartuko dute horretan, 22:30etik aurrera.
Eskualdeko bakarra
Eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da Jazzber. Aingeru Astui kultura zinegotziaren esanetan, “jaialdi honek Bermeoko eta inguruk herrietako jazz musika zaletuei, kontzertuekin gozatzeko aukera emoten die, baita jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera be”.