![Argazkia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/07/20041231_01_0001-300x200.jpg)
Argazkia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola
Tax lease izenagaz ezagutzen diren laguntzak itzultzeak erakarriko lituzkeen ondorio larriez hausnar dezala eskatu diote La Naval, Murueta eta Zamacona ontzioletako langile batzordeek Europar Batzordeko (EB) presidenteorde eta Lehia komisario Joaquin Almuniari. Halaber, Almuniak Iñigo Urkullu lehendakariagaz, Galiziako eta Asturiasko presidenteekin eta Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriagaz egingo duen batzarrean sindikatuek be parte hartu beharko luketela aldarrikatu dute ontzioletako beharginek.
Ontziolen sektoreak bizi dezakeen arrisku egoerari irtenbide bat bilatu asmoz, bihar ziren Almuniagaz batzartzekoak Urkullu, Galiziako eta Asturiasko presidenteak eta Industria ministroa, baina bilera datorren astera atzeratu du Europar Batzordeko presidenteordeak.
Atzo, Madrilen bilduta, adierazpen bateratua sinatu zuten Jaurlaritzak, Galiziako eta Asturiasko presidenteek, Espainiako Industria ministroak eta Pymar ontziolen patronalak. Almuniagaz ez ezik, EBko presidente Jose Manuel Durao Barrosorekin be batzartu gura dute.
Azken bilera hori uztailaren 15a baino lehen egin gura dutela zehaztu dute. Urkulluren ustez, ontziolen laguntzen auzian «ondo oinarritutako arrazoi juridikoak» dituzte beraien alde. Hala, bere proposamena «goitik behera berraztertzeko» eskaera egingo diote Almuniari.
Bestalde, «ontzigileei tax lease bidez emon zizkieten diru laguntzak legez kanpokotzat jotzeko aurkeztu duten proposamena errefusatzea» eskatu dio Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak. «Kanpoko lehiakortasun desleialaren aurrean, estrategikoa izan beharko lukeen eta lanpostuak eta barrikuntza ekar ditzakeen industria babesteko» eskaera egin be dio EBri.