Gernikako industriagunea bultzatzeko proposamen zehatza aurkezteko asmoz Busturialdeko alkate independenteekin nahiz EAJkoekin batzartu ostean, EH Bildu baikor agertu da Gernikako industriagunearen auziak izan dezakeen bilakaeragaz, eta “eskualdeko proiektu bihurtzetik hurbilago” dagoela nabarmendu du. Dioenez, “badirudi bigarren sektorearen pizgarri izan daitekeen Gernikako Ibarrako zonaldea biziberritzea ardatz politiko adostua izan daitekeela eskualdean”.
Industria erabilerarako sailkatutako 52,8 Ha daude Gernika-Lumon, eta horietako gehienak esku pribatuetan badaude ere, gitxi batzuk Gernika-Lumoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku daudela ekarri du gogora EH Bilduk, nondik hasi badagoela nabarmenduz. “Esku-hartze publikoa egongo balitz, poligono urbanizatu eta inguru ordenatua eraiki ahal izango” litzatekeela dio koalizioak, “kalitatezko sarbideak eta hornikuntzak lituzkeena, prezio eskuragarrian”. Horrek bigarren sektorearen bultzada sozio-ekonomikoa eragingo lukeela deritzo. Aldi berean, gainera, lehen sektorearen eta zerbitzuenaren pizgarri izango liitzatekeela uste du.
Horrek Eraberritze Plan Berezi bat idaztea eskatzen duela gaineratu du EH Bilduk, “oso beharrezkoa inguru hori berritzeko, hirigintza arloko gabeziak birbideratzeko eta bide-egitura egokia lortzeko”. Halaber, “maila horretako esku-hartze publikoak lanpostuak sortzen lagunduko” lukeela dio.
Hori guztia aintzat hartuta, “hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia” dela esan du EH Bilduk. “Arduraz jokatzeko unea da eta bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial latza gainditzeko ditugun aukera guztiei etekina ateratzeko ordua, Busturialdean enpleguaren sorrera errealitate bihurtzeko”.