Laguntza fiskalak ez dituztela parkatuko esan du Almuniak
Joaquin Almunia Europar Batzordeko presidenteordeak eta Lehia komisarioak gaur azaldu legez, «Tax leasearen bitartez lortutako laguntzak ezin dituzte parkatu». Haren esanetan, « Europar Batasuneko legeria hautsiko luke». Bestalde, ontziolen laguntzei dagokienez, Espainiari eta Frantziari «tratu bardina» emon diela adierazi zuen.
Almuniak argi utzi gura izan du 2005etik 2011ra jasotako laguntzak bakarrik itzuli beharko dituztela: «Espainian 2002an tax lease sistema onartu zenetik 2005. urteko erdialdera arte ez ditugu laguntzak itzultzeko eskatzen, Frantziari be ez zaiolako eskatu». 2005ean ekin zion EBk Frantziaren gaineko ikerketari.
Bestalde, Jose Manuel Soria Espainiako Industria eta Energia ministroa, Inigo Urkullurekin eta Galiziako eta Asturiasko presidenteekin bilduta izan da arratsaldean. Urkulluren esanetan, «ezin dugu Almuniaren proposamena onartu». Horrela, eguena baino lehen, Almuniarekin taldeko bilera bat eskatuko dutela azaldu dute, eta baita Europako Batzordeko (EB) presidente Durao Barrosorekin.
Mobilizazioetarako deia
Tax lease sistema fiskalagatik kaltetuta dauden Euskal Herriko Naval, Zamakona, Murueta, Pasaia eta Balenciaga ontzioletako langileek, bestalde, protestak deitu dituzte datozen egunetarako. Modu horretan, besteren artean, uztailaren 9an Gipuzkoan egingo dute mobilizazioa eta hilaren 11n, barriz, Sestao eta Santurtzi artean martxa egingo dute. Horietan guztietan parte hartzeko deia luzatu zuten barikuan egindako agerraldian.