Laster zabalduko dute Eako Eskolondo Herriko Etxea
Herritarren baliabideak eta ongizatea hobetze aldera, udalak hainbat zerbitzu barri jarriko ditu aurki eatarren eskura: Eskolondo Herriko Etxea erabilera anitzeko eraikina eta herriko frontoiaren atzeko komun eta aterpe barriak, esaterako. Hainbat urtetan itxita egon ondoren, laster zabalduko du udalak Eskolondo Herriko Etxea. Erabilera asko izango ditu eraikinak; hain zuzen, Juan Luis Landazabal alkateak jakinarazi duenez, “KZ Gunea, liburutegia, ludoteka, gimnasioa eta taberna izango ditu”.
Taberna, esaterako, joan den astean zabaldu zuten, baina gainontzeko zerbitzuak irailean jarri gura dituzte martxan; izan be, “poliki-poliki” ari dira konpontzen eraikina. “Janari-edarien gunea baino askoz gehiago” izango den lekua gura du udalak tabernan; izan be, “herri txikiaren partaide diren guztien biltoki izango da Eskolondo”. Hala, bertako zerbitzuez gozatuta, “tertuliarako, lanerako, egonean egoteko, harremanak sortzeko… gunea” izango da.
Bestetik, frontoiaren atzeakaldean dauden komun eta aterpe barriak erabilgarri izango ditu herritarrak hemendik aurrera. Lehen, hondartzaren mutur batean zeuden komunak, eta horiek baino “dotoreagoak eta osatuagoak” egin ditu orain Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak.
Lurjausiek eragindako kalteak, konponduta
Bestalde, Portu Zuzendaritzak konpondu ditu dagoeneko joan den urtarrilaren 27ko euriteen ondorioz gertatutako lurjausiek sortutako kalteak. Urtarrilean eroritako harri handiak kendu zituzten apirilean eta mendi magala nola egongortu zitekeen aztertu ostean, beharrean hasi ziren bertan. Hala nola, lehenengo, horma garbitu zuten; gero, haitzak bata bestearengandik lotu zituzten laztabinen eta burdinen bitartez, eta, bukatzeko, sare metalikoa jarri dute. Udaren etorreragaz batera bukatu dituzte bertako lanak, eta, horregatik, “pozik” da alkatea.
Zerbitzuen arloak herri administrazioaren bultzada “ezinbestekoa” duela uste du Eako Udalak, eta berari dagokiola horretarako azpiegiturak hobetzea. Hala, beragaz elkarlanean aritu direnak eskertu beharrean agertu da udala; hala nola, Portu Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Azken finean, lan horiei esker, “hondartza eta kai inguru seguruago, dotoreago eta hobe bat” izango du Eak.