LAB sindikatuko Eraikuntza eta Kimika sektoreko arduradun nazionala zen Jabi Amorrortu Gernika-Lumoko bizilaguna zapatuan zendu zen, Lumoko San Pedro jaietako bizikleta martxan. Amorrorturi azken agurra egiteko batuko dira gaur arratsaldean sindikatukoak, Gernika-Lumoko Izaro Beilatokian.
Bertso eta aurresku artean agurtuko dute Amorrortu, Gernika-Lumoko beilatokian 18:00etan. Bertatik, haren aldeko hileta elizkizunera joango dira, San Frantzisko parrokira, 19:00etan.
Aurrerago be, omenaldia egingo diotela esan dute LAB sindikatukoek. Hain zuzen, Lemoan egin gura diote, herritarrekin eta enpresako langileekin batera.
«Bizitzari zukua atera zion» Amorrortuk LABekoen esanetan; «kirolaria, txirrindularia eta lagunekin eta familiarekin egoteagaz gozaten zuena» zen bera.
LAB delegatua, Lemoan
Gernika-Lumon bizi arren, lemoarra zen. Halaber, Cementos Lemona enpresako LABeko delegatua zen, «langileen eskubideen defentsan eta Euskal Herria libre, justu eta sozialista eraikitze bidean» aritutakoa. «Gazte-gaztetatik hasi zen LABen militatzen», azaldu dute sindikatukoek. Horrez gain, LAB sindikatuko ERAIKI (eraikuntza/kimika) sektoreko arduradun nazionala izateko ardura be izan du azken urteetan