
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia
Pilotaren katedrala legez ezaguna den frontoiak mende erdia bete du gaur. Urteurren borobila ospatze aldera, pilotalekuaren “garrantzia eta edertasuna” ezagutarazteko kultur egitarau zabala prestatu du Gernika Jai Alai elkarteak aurtengorako, udalaren eta aldundiaren laguntzagaz.
Kultura arloan antolatutako jarduerek eraikinaren baloreak ezagutaraztea izango dute helburu. Hala, berezitasun arkitektonikoen barri emongo dute, eta, horregaz batera, zesta-puntak gizartean, ekonomian eta historian izan duen garrantzia azalduko dute. Alabaina, zesta-puntaren xarma kirolean dagoela eta, afizionatu eta profesional mailako lau txapelketa antolatuko dituzte.
Egitaraua:
- Gaur, Llia Maure arkitekto madrildarraren hitzaldia, 19:00etan, Jai Alain. Frontoiaren ezaugarri arkitektonikoen barri emongo du Maurek.
- Uztailaren 17an, Zesta-puntaren historia eta bilakaera. Euskal kirol unibertsala erakusketaren inaugurazioa.
- Uztailaren 19an, zesta-punta bultzatzeko foroa. Parte hartzeko gonbidapena kirol horren munduko ordezkari guztiei luzatu diete. Klubak, federazioak, enpresariak, frontoietako arduradunak, tokiko kirol arduradunak eta komunikabideak batzea espero dute antolatzaileek. Kirolaren etorkizunari buruz eztabaidatzea izango da foroaren helburua, eta interesa duten pertsona guztiek parte har dezakete.