Ontzioletako langileek protestak iragarri dituzte
Euskal Herriko Naval, Zamakona, Murueta, Pasaia eta Balenciaga ontzioletako enpresa batzordeek bilera egin dute goizeon. Bilera horren ostean egindako agerraldian adierazi dutenez, mobilizazioak deitu dituzte. Hala, uztailaren 11n Sestao eta Santurtzi artean martxa egingo dutela jakinarazi dute, besteren artean.
Tax lease deitutako sistema fiskalagatik kaltetutako Euskal Herriko ontzioletako enpresa batzordeek azaldu legez, bilerak eskatuko dituzte ontziolen zuzendaritzarekin eta baita Euskal Herriko Itsas Foroarekin eta ontziolak hartzen dituzten herriateko udalekin be. Bestalde, Europar Batasunak uztailaren 17an emon behar duen balizko ebazpen negatiboa ekidin asmoz, euskal instituzioei presioa egiteko eskaera egin die.
Ontzioletako ordezkarien esanetan, “diru laguntzak itzuli behar izateak, ontzigintza sektorearen amaiera ekarriko luke”. Joaquin Almunia Europako Lehia komisarioaren eta Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuaren Industria ministroaren dimisioa be eskatu dute goizeon egindako agerraldian.
Iñigo Urrkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzak “ahal duen guztia” egingo duela esan du gaur. Galiaziako eta Asturiasko Gobernuekin harremanetan ipini direla azaldu du, “Espainiako Gobernuari aurkeztuko dioten bideragarritasun plan bat lantzeko; ondoren, EBn landu ahal izateko”.
EBren “bihozgabetasuna” nabarmendu du Urkulluk: “ezin daiteke lanpostuen alde egin, eta aldi berean, ontzigintzaren sektorea hil”. Tax lease hobariak itzultzeko Europaren eskaerak, 3.000 eta 6.000 arteko langileengan eragiten duela gogorarazi du lehendakariak.