Muruetako ontziola. Argazkia: Irekia.
Ontzioletako sektoreak 2002tik 2010era jasotako diru laguntza publikoa itzuli beharko balu, EBk aurki erabaki dezakeen moduan, Bizkai eta Gipuzkoako bost ontziolek –tartean, Muruetakoak– lau hilabeteko epean 1.000 milioi euro ordaindu beharko lituzketela zabaldu da egunotan. Alabaina, Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioak gaur goizean esan duenez, dirua itzuli egin beharko da, baina ezin dira ontziolak behartu horretara. Jakinarazi du Bruselari proposatuko diola diru hori ontzien finantziazioan parte hartu zuten inbertsiogileek eta ontzijabeek ordaintzea, aurrenak zerga abantailez baliatu zirelako, eta bigarrenak, ontziak merkatuko prezioaren azpitik eskuratzeko moduan izan zirelako.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak atzo esan zuenez, ontziolak laguntzak itzultzera behartzeak Gipuzkoako eta Bizkaiko bost ontziolak ixtea eragingo luke. Izan ere, 1.000 milioi euroko bueltatu beharko lituzkete, eta lau hilabeteko epea soilik izango lukete horretarako. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ontziolen itxiera ekarriko luke erabakiak. “Oso litekeena da gertatzea, eta badakite”, esan du Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak. Haren ustez, bost ontzioletako batek be ezingo lioke aurre egin gastu horri.
Erabaki ofiziala uztailaren 17an emango du Europako Batzordeak. Jaurlaritzaren arabera, 3.000 eta 6.000 lanpostu zuzen eta zeharkako sortzen ditu sektoreak.