Kaxarranka, goizean
Kaixarranka dantzatuz hasi dute jaietako azken eguna gaur Ean; amaitu, barriz, musika giroan egin dute. Bitartean, ur artean igaro dute eguna; ohitura den legez, errekan.
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat herri bezala, Ea be sanjoanetan murgilduta egon da egunotan; barikuan hasi zituzten herriko jaiak eta atzo agurtu zituzten, datorren urtera arte.
Jaiak jai omen dira beti, eta horregatik, horiei agur esatea zaila izaten da; batez be, iraun duten bitartean gozatu bada. Ean be, antzerako zerbait gertatu da; aspertzeko betarik, behintzat, ez dute izan herritarrek.
Herritarrak, errekan
Sei egunetan, hamaika ekintza izan ditu aukeran Eara bertaratu denak; besteak beste, sardina jana, musika kontzertuak, mus txapelketa, dantza saioak, pilota partidak eta antzerki saioa eduki zituzten bertan, joan den asteburuan. Asteon, ostera, herri bazkarian, altxorraren bila jokoan, euskaraokean eta beste hainbatetan parte hartu dute eatarrek.
Martitzenean, esaterako, umeen eguna ospatu zuten eta horiei zuzendutako hainbat ekintza egin zituzten; gazteluen lehiaketa, esaterako. 4 eta 12 urte bitarteko umeez osatutako hamar taldek –2-6 ume bakoitzean– parte hartu zuten. Jai Batzordekoak «pozik» dira lehiaketak izandako arrakastagaz, nahiz eta jakin «lehen garrantzia gehiago» izaten zuela.
https://www.youtube.com/watch?v=rBWpDcmu74Y