Madariaga Dorretxeko jardunaldietako parte hartzaileak
Europarc Federazioaren ohiko asanblearen topaleku ari da izaten Busturiko Madariaga Dorretxea gaur eta bihar artean. 2009-2013 epealdiko programaren balorazioa ari da egiten Europarc, eta, horrez gain, prozesu estrategiko barria ari da prestatzen. Hala, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan bildu dira Espainiako estatuko erkidego guztietako 60 profesional eta ingurumen teknikari, Europarc-Espainiako presidente Carles Castell Puig eta Eurko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde eta Urdaibaiko Patronatuko presidente Josean Galera buru izanda. Testuinguru horretan, “esperientzien elkartrukea, lankidetza eta formazioa” eskatu die Eusko Jaurlaritzak jardunaldietako parte hartzaileei, “espazio naturalen kudeaketa errazteko eta hobetzeko”.
Natura 2000 Sarea eratzeko emandako urratsen garrantzia nabarmendu du Galerak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azaleraren “%20 baino gehiago espazio ekologiko horren barruan” egotea lortu dela gogora ekarriz.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendariak, bere aldetik, espazioak Natura 2000 Sarean sartzeak beragaz dakarren esfortzu ekonomikoa eta baliabideei dagokiona izan du hizpide, hausnarketarako bidea zabalduz. Hari horretatik eta sarean sartzeko egin beharreko ikerketa zientifiko eta teknikoak aipatuz, esperientziak trukatzeko eta elkarren arteko sinergiak aprobetxatzeko “beharrizan handia” dagoela esan du Barredok. Izan be, haren arabera, lan guzti horiek egitea gastu handia da administrazioarentzat, eta, gainera, giza baliabide handiak eskatzen dituzte. Hori horrela, lankidetza, formazioa eta esperientzia trukea eskatu ditu Biodibertsitate zuzendariak.
Bihar, Urdaibain barrena
Bihar be eskualdean egongo dira Europarc-eko kideak. Hain zuzen, Urdaibaiko Biosfera Erreserban barrena ibiliko dira, Jaurlaritzak ingurumena zelan kudeatzen duen ikuskatzen. Urdaibaik dagoeneko babes bereziko bost eremu dauzka, eta gune horiek bisitatuko dituzte jardunaldietako parte hartzaileek.