Antxoa kaxak
AZTI-Tecnaliak maiatzean zehar egin duen
Bioman 2013 kanpainaren emaitzen arabera, Bizkaiko Golkoan antxoaren biomasaren behin-behineko indizea 66.000 tona ingurukoa da. Gaur goizean aurkeztu dituzte datuok Eusko Jaurlaritzako arrantza zuzendari Leandro Azkuek eta AZTI-Tecnaliako zuzendari Rogelio Pozok.
Bioman 2013 kanpainan lortutako datuak iazkoak gainditzen dituela jakinarazi dute; iaz, 41.700 tona ingurukoa baitzen biomasa sasoi honetan. Azkuek azaldu legez, “antxoaren biomasaren egoera ona erakusten dute datuek; arrantzaleek egin duten arrantza-tokien kudeaketa arduratsuagatik izan daiteke, hein handi batean”.
Antxoaren biomasaren behin betiko kopurua, halanda be, Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) emongo du datorren astean. ICESek,
Bioman azterketa ez ezik, Frantziako Ifremer institutuak egiten duena be hartzen du kontuan, baita ontziek deskargatutako harrapaketen azterketa be. Datu horiek aztertzeko asteon bilduko dira Bilbon. Datu guztiak eskuetan, gehienezko kuoten proposamena egiten diote Europako Batzordeari, hark erabaki dezan.
Antxoaren kostera baimentzeko, ICESek 33.000 tonatan kokatzen du zuhurtziazko biomasa. Horregatik, nahiz eta oraindik behin betiko datuen faltan egon, aurtengo datuak zuhurtziazko biomasatik gora gera litezkeela uste dute.
Bioman 2013 kanpainak Bizkaiko Golkoan dagoen antxoaren populazioa ebaluatzen du; horretarako, teknikariek hainbat azterlan eta laginketa egiten dituzte antxoaren ugalketa eremuetan.
- DATUA: 2,53 euro. Portuetara sartu den antxoaren batez besteko prezioa 2,53 eurokoa izan dela jakinarazi dute. Horren eraginez, lonjetako salmenta balioa 17,7 milio eurotik gorakoa izan dela azaldu du Azkuek.